Teknologia albisteak
2

'Aupa Etxebeste!' filmak harrera beroa jaso zuen Zinemaldian

Erabiltzailearen aurpegia
Edu Mendibil - Goiena
2005-09-23 : 14:09

Nork esan du aurtengo Zinemaldian glamourra ez dagoenik? Aupa Etxebeste! filmeko aktore eta zuzendariek euskal glamourra ekarri zuten atzo Zinemaldira. Telmo Esnalek eta Asier Altuna Kixi-k zuzendutako filmak sekulako ikusmina piztu zuen eta ikusleek gustura hartu zuten aspaldian egin den lehen euskarazko filma. Barre algarak entzun ahal izan ziren Kursaaleko aretoan. Besteak beste, Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria egon zen atzoko estreinaldian.

Bergarako jendea nagusi

Bergarako jendea nagusi

Bergarako Udal Musika Bandak alaitu zuen estreinaldiaren atarikoa. San Martineko martxa ezaguna da jadanik atzo Kursaalera hurbildutakoen artean. Giro aparta zegoen estreinaldiaren aurretik eta Bergaratik etorritako jendea zen nagusi aretora sartzeko itxaroten zutenen artean. Zinemaldian ohikoa denez, jende ilada luzea zegoen filma hasi baino orduerdi lehenago. Bien bitartean, di-da baten agortu ziren filmaren arduradunek banatutako kamisetak eta soinean eramateko txapak.

Filmeko protagonistak Kursaalean

Filmeko eszena baten ikusten den bezala, garabi baten heldu ziren filmeko protagonistak Kursaaleko kubo txikira. Aktoreekin batera, Telmo Esnalek eta Asier Altuna Kixik ikusleen animuak eta txaloak jaso zituzten garabitik jaistean. Limousine xelebrea benetan Kursaaleko alfonbra gorriraino heltzeko erabili zutena. Familiakoek eta lagunek txaloekin eta oihuekin agurtu zituzten aktore eta zuzendariak.

Aurpegi ezagunak estreinaldian

Beharbada aurtengo Zinemaldian ikusmin gehien piztu duen filma izan da Aupa Etxebeste!. Horren lekuko, atzoko gonbidatuen zerrenda: Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria, Miren Azkarate Kultura sailburua, Begoña Bilbao Legebiltzarreko presidentea, Joxe Juan Gonzalez de Txabarri Diputatu Nagusia, Gurutz Larrañaga kultura sailbuordea, Ramon Etxezarreta Donostiako Kultura zinegotzia, Joseba Egibar EAJko GBBko presidentea, Aintzane Ezenarro Aralarko batzarkidea, Bingen Zupiria ETB-ko zuzendaria, Jaime Otamendi ETBko Informatiboetako arduraduna, Martxelo Otamendi Berriako zuzendaria, Antton Ezeiza zinegilea, Piter Ansorena, Aitzpea Goenaga eta Ainhoa Aierbe aktoreak... Inork ez zuen galdu nahi aspaldian egin den lehen euskarazko filmaren estreinua. Proiekzioaren ostean Victoriano Gallastegi Bergarako alkatea ere ikusi genuen eta pozik zegoen Bergara zinema aretoetan ikusi ahal izango delako. Ibarretxe Lehendakariak zorionak eman zizkion alkateari.

Bergarako jendea pantailan

Estreinaldia zertxobait atzeratu zen filmaren aurretik Amalur saria (Benito Ansolak jasotakoa) eta CICAE saria banatu zituztelako. Jarraian Asier Hernandez aurkezleak bertso batekin eman zien ongi-etorria filmeko arduradunei eta aurkezpenaren ostean hasi zen proiekzioa. Ordurako jendea filma ikusteko irrikaz zegoen eta proiekzioa hasteaz bat, jendearen lehen komentarioak entzun zitezkeen. "Han hura, hor bestea..." esaten zuen jendeak pantailan ezagunen bat ateratzen zen bakoitzean. Bergarar dezente ateratzen da filmean eta zinema zaleak ez direnak ere erakartzeko balio izango du horrek. Lagunak pantailan ikusteak emozio berezia pizten duela ikusi zen atzo. Ironia duen komedia

Euren lehendabiziko luzemetraian aurretik film laburretan erakutsi duten umorea agertu dute Kixik eta Telmok. Itxurakerien gaineko komedia da, eta horrenbeste esperientzia duten Ramon Agirre eta Elena Irureta aktoreekin barre egitea ez da zaila. Hasieratik jendeak bat egin zuen istorioarekin, Etxebestetarren mixeriekin. Diru arazoengatik Marbellara oporretara ezin joan eta etxean pasatzen dute uda guztia, bizilagunengandik izkutatuz. Iban Garate gazteak (semearen paperean) eta Pako Sagarzazu beteranoak ere lan bikaina egiten dute. Javi Pezen musikak ederto laguntzen die irudiei. Etxebestetarren etxe barruan dira eszena gehienak eta horregatik beharbada zenbait momentutan itogarria gertatzen da. Hala ere, umore kolpeek aire freskoa ekartzen dute etxe barrura. Patrizio Etxebestek esaten duen moduan, oporrak deskantsatzeko, ondo pasatzeko, disfrutatzeko dira. Jendeak disfrutatzu zuen bai Etxebestetarren oporrekin.

Filmaren ostean jaia egin zuten filmeko arduradunek eta haien lagunek Zurriolan. Esnal eta Kixi pozik zeuden jasotako harrerarekin. Zinemaldira momentu barregarriak ekartzea ez da gutxi.

Argazkiak eta zuzendariei elkarrizketa Goiena.net-en

Arrasate Irratian elkarrizketa egin zieten estreinaldiaren bezperan filmeko bi zuzendariei. Goiena.net-en duzue elkarrizketa, baita estreinaldiko argazkiak ere.

Erantzunak

Sustatu
2005-09-24 : 20:01

Mikel Iturria blogaria eta Ramon Etxezarreta Donostiako zinegotzia, iritzi kontrajarriak azaltzen blog artikulu honetan.


Koldo J. Garai
2005-11-07 : 11:15



Eskualdeka izan duen harrera diferentea dela-eta, ba ote da komentariorik "guipuzcoano-zerraoan" egin izanari?

Zelan hartu dute Bergararrek atzerriko euskalkia euren kaleetan ikusi izana?



musuak denoi

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago