Jan Cvitkovic esloveniarraren *Odgrobadogroba" (Zulorik zulo) izan da asteazken honetan ikusi dugun bigarrena, film harrigarri eta sailkaezina, oro har komedia tonuan kontatua badago ere pasarte guztiz gogor eta krudelak baititu.
Hiletetako hitzaldiak eginez bizi da Pero, Eibarko Benigno Baskaran zenaren antzera, baina esloveniar hau pailazo samarra da berez, eta xelebreak ditu orobat ingurukoak: beti suizidatu nahi eta inoiz asmatzen ez duen aita, arreba gormutua, 600a tuneatzen duen laguna...
Elementu kontrajarriak elkarren ondoan jartzea baliabide interesgarria izan liteke, bizitzaren gazi-gozoak erakusteko-eta, hiletaren ondoren jendea mozkortzen eta orkestina eslaviarra Tom Jones-en "Sex Bomb" jotzen hasten denean bezala. Hala ere, Jan Cvitkovic askoz ere muturrerago joan da, pertsonaia batzuek une batean kantatzen duten bezala, "sua eta izotza" parekatzeraino, sexuaren alorrean batez ere: hasieratik erakusten dizkigu harreman posesiozko eta bortitz samarrak; hortik perbertsio gaixotietara igarotzen da, eta azkenerako bortxaketarik nazkagarri eta ankerrena ikusiko dugu.
Zuzendariak zer frogatu nahi zuen? Ez dakit. Ikusleok mutu utzi gaitu, irribarrea izozturik, bizitzaren zentzuaz edo zinemagile batzuen umore bereziaz galdezka.
Erantzun
Sartu