Giza balioen txatarra
2005-09-20 17:09
Bohdan Slama zuzendari txekiarraren "Stesti" (Zorionaren antzeko zerbait) izan da astearteko bigarren filma, egungo hiri industrial bateko pertsonaien istorio gurutzatuekin hasi, baina kostunbrismoa gainditu eta gai sakonagoetara jauzi egiten duena.
Monikaren mutil-laguna Amerikara doa, etorkizun oparoago baten bila; Tomik gazte alternatibo bat dugu, Monika isilka maite duena; Dasha ama gazte bat da, bere maitaleak jaramonik egin ez eta erotzen ari dena. Horiek eta auzo bereko beste hainbat lagunen bizitzak korapilatuz doaz filmean.
Espresuki aipatzen ez badira ere, zeharka ikusten ditugu egungo Txekia kapitalista berrira egokitu ez direnak: agure moxkortzioak, punki gazteak... Zentral nuklear baten ondoko hiri horretako hondakin eta puskailen antzeko zaharkinak dirudite, baina aldi berean sumatzen da inbididualismoaren kulturaz kanpoko bizimodu bat bilatzeko ahalegina.
Hain zuzen, filmaren berezitasu nabariena litzateke, modu sotilean, eskuzabaltasuna eta sakrifizioa, maitasuna eta errukia bezalako gaiak planteatzea, batere ideologikoa edo demagogikoa izan gabe. Drama tristearen atarian dabil oro har pelikula, baina Slama zuzendari gazteak asmatu du amaiera arroxari muzin eginez esperantzari leiho-tarte bat uzten.
Erantzunak kargatzen...