Teknologia albisteak

Gainbehera baten telefilma

Erabiltzailearen aurpegia
xme - Paperjalearen dieta
2005-09-17 : 17:09

Per Fly zuzendari daniarraren "Drabet" (Nahi gabeko hilketa) da Zinemaldiko sail ofizialean larunbatean ikusi dugun bigarren filma: borroka politikoa, biktimak, adin desberdineko bikoteak, erru-sentimenduak eta beste hainbat gai ukitzen dituen lana, egikeraren aldetik telefilm bat dirudiena.

Carsten 52 urteko unibertsitate-irakasle progrea da, bere emazteaz asperturik-edo Pil bere ikasle ohiarekin dabilena; ezker muturreko militantea da Pil eta, gau batean, bera eta bi lagun arma-fabrika batean sabotaje bat egiten ari zirela, beren furgonetaz jo eta akabatu egingo dute polizia bat. Hortik aurrera datoz kartzela, epaiketa, Carsten-en dibortzioa, lana uzteko presioa...

Flyren filmak gogoeta-gai ugari plazaratzen ditu, hala nola biktimen ahaideen krisia, adin bateko gizonezkoek neska gazteekin izaten dituzten txoraldiak, delitu baten ondoren sor litezkeen kontzientziazko arazoak... Une batez badirudi zuzendaria bera galdu egiten dela eta ez dakiela istorioa nondik nora eraman, baina Carsten-engan zentratzen da orduan, gai horiek guztiek beregan bildu eta egundoko nora eza eragiten baitiote.

Kontu hurbilak gertatzen dira aipatu ditudanak, batzuk unibertsalak direlako eta beste batzuk gure artean ohiko samarrak direlako. Hala eta guztiz, filmak ez du lantze artistiko berezirik, ez argazkian, ez muntaian, ez gidoian, eta arratsalde-pasako telefilm baten itxura hartzen zaio, etika-eskoletako eztabaidaren aurretik emateko aproposa edo.

Paperjalearen dieta

Erantzun

Sartu