Teknologia albisteak

Kultur Errota 1000. emanaldira helduko da abenduan

Erabiltzailearen aurpegia
Maria González Gorosarri - Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa
2005-09-09 : 10:09

Guztira, 166 emanaldi eskainiko ditu Kultur Errotak aurten. Irail-abendua bitartean, gainera, 63 izango dira. Ikuskizunok Topagunean federatutako 48 euskara elkartek antolatu dituzte. Horrela, 1000. emanaldira heldu ez ezik, 10.000 ikus-entzulerengana ere erraz iritsi da Kultur Errota aurten.

Formatu txiki baina kalitate handiko kultur zirkuitua da Kultur Errota, Hego Euskal Herriko euskara elkarteek antolatutakoa.

Kultur sare handien osagarria da Kultur Errota. Formatu txikia du, baina zirkuitu handiko hainbat kulturgile formatu horretara ere egokitzen saiatzen da. Era berean, profesionalek eta amateurrek osatutako zirkuitua da.

Programazioaren pluraltasuna azpimarratzekoa da, adin-tarte guztietako ikusleei zuzendutako zenbait ikuskizun antolatzen da-eta: musika, antzerkia, diaporamak, literatura emanaldiak, ipuin kontalariak, etab. Euskara elkarteen ahalegina bikoitza da. Alde batetik, euren inguruko eskaintza kulturala aberasteko zeregina euren gain hartu dute eta, bestetik, aberaste hori kalitate eta iraunkortasunean oinarritu dute. Aurtengo programazioan literaturan ardazturiko ikuskizunen ugaritzea nabarmentzeko da, diaporamen dibertsitatea ere.

Kultur Errota egitasmo kulturalaren helburu nagusia euskarazko kultur eskaintza aberastea da. Zirkuituak programazio jarraia eta kalitatezkoa eskaintzen du eta, horrela, euskarazko kultura kontsumitzeko ohitura sortzen laguntzen du. Azkenik, zirkuitua eskaintzean, kulturgileen ekoizpena sustatze ekimena ere bada Kultur Errota.

Kultur Errotaren 8. edizio honetan, zirkuituaren 1.000. emanaldia eskainiko da. 1998ko azaroan Elgoibarren hasiera eman zitzaionetik, bide oparoa egin du Kultur Errotak eta, abenduaren 17an, Elorrion, Bikoteatro taldeak eskainiko duen Euskara sencilloaren manifestoa emanaldia izango da lehen milakoa borobilduko duena.

Azkenik, asko eta askotarikoak dira Kultur Errotan parte hartzen duten kulturgileak. Eskertzekoa da batzuk zirkuitu honetan jarduteko egiten dituzten formatu aldetiko egokitzapenak.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago