Teknologia albisteak
1

PHPWebquest euskaraz!

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Sustatu
2005-09-06 : 10:09

Ordiziako Jakintza ikastolako IKTeroek PHPWebquest programa euskaratu dute. Euskaratutakoa, gainera, azken bertsioa da (PHPWebquest 2.0), egunotan martxan jartzen ari dena, eta nahiz eta oraindik batzuetan arazotxoren bat eman, lasai asko lanean hasteko moduan dago.

EuskalJakintza eta IKTeroak blogetan iragarri dute eta horrela diote:

Programa erabiltzea eta webquest-ak sortzea oso erraza da, edonork egin dezake informatikako ezaguera berezirik gabe.

Hainbat txantiloi duzu aukeran eta, onena da, behin horietako bat aukeratuta, nahi adina aldaketa sar ditzakezula (koloreak, hizki mota…) gure adibideetan ikusiko duzuen moduan.

Testua sartzeko tresnak, hau da, testu editoreak aukera mordo bat eskaintzen dizkigu, horien artean beste gune batean gordetako flash-ak sartzearena! Gainera, PHPWebquest programarekin webquest-ak sortzeaz gain, Altxorraren Bila eta miniquest-ak ere sor daitezke.

Gure asmoa irakasle guztiak teknologia berrien mundura erakartzea izanik, honelako jarduerak sortzera animatu nahi zaituztegu.

Benetan erraza dela zin dagizuegu!!! Zuen Webquestak hemen sortu nahi izanez gero, egin behar duzuen gauza bakarra helbide honetara jotzea eta erabiltzaile kontu bat eskatzea da. Berehala jasoko duzue baimena lanean hasteko!

Dena den, gure aholkua da aldez aurretik ondo pentsatuta izatea edukia eta argazkiak prestatuta (sartu behar badituzue, behintzat) eta honela webquest-a sortzea minutu batzuetako kontua izango da.

Baina egintzak bear dia, ez itzak (edo horrela esaten dute, behintzat) eta hona hemen magic-ek eta Sei-k dagoeneko sortu dituztenak:

Informazio gehiago

Erantzunak

Maite
2005-09-07 : 14:49

Kaixo, sustuzale guztioi eta mila esker PHPWebquest programaren euskaratzearen berri emateagatik. Egia esan, eskaera dexente jasotzen ari gara ikastetxe eta unibertsitateko irakasleen artean programa erabiltzeko eta horrek benetan pozten gaitu IKTerook, aurten irakasleak indarrez eta metodo berriak probatzeko gogo biziz datozela ikusten ari garelako. Bide batez, falta den esteka adierazteko aprobetxatu nahi dut. Hau da, norbaitek programa erabili nahi badu, helbide honetara jo eta erabiltzaile kontua eskatu:


http://www.phpwebquest.org/euskera/wq2


Erantzun

Sartu