Sustatu logoa Teknologia albisteak

Musikaire eta Cibelle, Elorrion

Joxe Aranzabal
2005-07-22 09:07
Cibelle

Cibelle

Cibelle Cavalik 27 urte ditu, eta brasildarra da. Edonora doala, sekulako ikusmina sortzen du, bera izango baita gaur egun Brasilen sortu diren artisten artean originaletako bat. Abeslari da, musikagile, poeta, zinemagile, modelo…

Cibelle 17 urterekin hasi zen musika sortzen Sao Paulo inguruan. Lehen diskoa —Sao Paulo Confessions— 1999an kaleratu zuen, Suba produktorearekin batera. Horren heriotzak, ordea, bi urtez isilarazi zuen Cibelle, harik eta Apollo 9 produktorearen laguntzarekin beste disko bat egin zuen arte —Cibelle—, aditu askoren ustez maisulan paregabea, hainbeste ze BBCk hautatu egin baitzuen “Award World Music” sarietarako, “New corner” atalean.

Aurten bertan, uztailean, Cibellek disko aurrerapen bat atera du —About a Girl—, laster kaleratuko duen album berriaren aldarri.

Asteburuko egitaraua

Cibelle-rekin ez da bukatuko Musikaire. Larunbatean, gaueko 22:30etan, Celtish taldea izango da Tola jauregiko lorategi ederrean. Eta igandean, azken errematea, hori bai. Clownx Teatre taldeak emango ditu On Kixoteren pasarte hautatuak, modu entretenigarrian. Izango da herriko frontoian, arratsaldeko 19:30etan.

Azken balantzea

Musikaireko antolatzaileak pozik daude aurtengo edizioarekin, bete egin direlako aurrez egindako kalkuluak. Bi gauza nabarmendu dituzte, hala ere:

  1. Ikusle kopuru handia. Aurreko urteekin alderatuz gero, ikusi da aurten jende gehiagok parte hartu duela emanaldi guztietan.
  2. Emanaldi aipagarriak. Emanaldi guztiek maila oso ona erakutsi dute, baina beharbada hiru nabarmendu dira bereziki: Las Migas taldearen kontzertua, Terrafolk esloveniarren emanaldia, eta dantza ikuskizun sorta.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu