Nafarroako udaletako euskara zerbitzuek Etxepare Literatur Sariaren 2. edizioa antolatu dute, euskarazko literatur sormena eta produkzioa sustatzeko eta laguntzeko helburuarekin. Sariaren eta deialdiaren nondik norakoak oinarrietan azalduta daude.
OINARRIAK
1.- Sariak bi atal izanen ditu: helduentzako narrazioa, lehena, eta gazteentzako narrazioa, bigarrena.
2.- Gazteentzako narrazioaren kasuan (sariaren bigarren atala), deialdi honetan 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzako narrazioak aurkeztu ahalko dira. Hurrengo deialdian, berriz, 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako lanak izanen dira onartuko direnak. Hurrengo deialdietan ere adin tarte bat eta bestea txandakatuko dira.
3.- Idazlanen ezaugarriak: euskaraz sortutako narrazioak aurkeztuko dira, jatorrizkoak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso ez dutenak edo argitaratu ez direnak. Atal bakoitzean ezin izanen da aurkeztu lan bat baino gehiago.
4.- Neurria: lanak makinako moldez (Times New Roman mota, 12. tamaina, tarte bikoitza utzita) idatzita aurkeztuko dira, DIN-A4 formatuan. Helduentzako narrazioak gutxienez 100 orrialde izanen ditu, eta haurrentzako narrazioak (6-12 urte bitartekoentzat deialdi honetan) luzera libre izanen du.
5.- Lanaren lau kopia aurkeztu beharko dira, izengoitiaz izenpeturik eta kartazal itxian. Kartazalaren kanpoaldean Etxepare II. Literatur Saria idatzi beharko da, eta baita aukeratutako atala ere (helduentzako edo haurrentzako narrazioa). Kartazal horren barruan eta beste kartazal itxi batean honako datuak erantsi beharko dira: izen-abizenak, helbidea, telefono-zenbakia, helbide elektronikoa eta nortasun agiriaren fotokopia.
6.- Idazlanak helbide honetara bidaliko dira: Sakanako Mankomunitatea-Euskara Zerbitzua, Uriz kalea, 38. 31830 Lakuntza Nafarroa. Ez dira onartuko posta elektronikoz bidalitako originalak.
7.- Lanak aurkezteko azken eguna 2005eko azaroaren 30a izanen da. Epaimahaiak erabakia hartzeko azken eguna 2006ko martxoaren 31 izanen da. Epaimahaiak ez du aintzat hartuko onarpen-epemugatik epai-eguna bitartean beste lehiaketaren batean saritua izan den edozein lan.
8.- Epaimahaia idazle edo literaturan adituak diren pertsonak osatuko dute. 3 helduen narrazioen sarian eta 3 gazteentzako narrazioen sarian. Sakanako Mankomunitateko teknikari batek idazkari lanak eginen ditu (horrek hitza izanen du, baina ez botorik).
9.- Sariak. Atal bakoitzean sari bakarra emanen da. Helduentzako narrazioaren ataleko saria 6.000 eurokoa izanen da eta haurrentzako narrazioaren ataleko saria 4.000 eurokoa. Ez da saririk emanen epaimahaiaren iritziz gutxieneko kalitateko lanik ez badago. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izanen da. Zergen atxikipena indarrean dagoen legediari jarraiki eginen da.
10.- Epaimahaiaren erabakia komunikabideen bidez zabalduko da eta sarituei eskutitzez edo telefonoz ezagutaraziko zaie.
11.- Saririk gabeko lanak sariak jakinarazi eta hilabeteko epean jaso ahalko dira. Epe hori igarota, jaso gabeko kopiak suntsituko dira.
12.- Idazlea izanen da lan sarituaren jabea. Lana argitaratzen bada, egileak sariaren aipamena egin beharko du.
Oinarri hauetan zehaztu gabeko zalantzaren bat agertzen bada, epaimahaiak argituko du eta hark egiten ez badu antolatzaileek erabakiko dute. Sari honetan parte hartzeak oinarri hauek ezagutzea eta onartzea dakar.
Udal eta Mankomunitate antolatzaileak:
Auritz, Erroibar eta Luzaide Udalak; Barañaingo Udala; Baztango Udala; Bortzirietako Euskara Mankomunitatea;, Burlatako Udala; Garesko Udala; Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea; Lizarrako Udala; Malerrekako Mankomunitatea; Orkoien, Oltzako Zendea, Etxauri, Ollaran eta Bidaurretako Udalak; Sakanako Mankomunitatea; Zaraitzuko eta Erronkaribarko Batzorde Nagusiak; Zizur Nagusiko Udalaren Kultur Patronatua.
> Nafarroako udaletako euskara zerbitzuek Etxepare Literatur Sariaren 2. edizioa antolatu dute, baina oinarriak, nik behintzat, ez ditut ondo ulertzen:
2.ean jartzen du "...deialdi honetan 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzako narrazioak aurkeztu ahalko dira"
baina laugarrenean "...eta haurrentzako narrazioak (6-12 urte bitartekoentzat deialdi honetan) luzera libre izanen du"
beraz, deialdi honetan idatzia 6-12 urtekoentzat izango da, ala 12-16koentzat?
Erantzun mesedez, eskerrik asko
Iñaki
>