Teknologia albisteak

Saharatik.com, saharauien alde Euskal Herritik

Erabiltzailearen aurpegia
Jabi - Saharatik.com
2005-07-16 : 00:07

Ohar honen bidez saharatik.com webgunea aurkeztu nahi dizuegu. Mendebaldeko Saharako gatazkaren inguruko online informazio gunea da, saharauien alde Euskal Herrian dagoen elkartasun mugimendua ere islatuko duena.

Proiektu honen abiapuntua sarean gai honen inguruko euskal informazio erreferentzia baten falta izan da, saharauien aldeko elkartasun mugimendua gero eta biziagoa denean. Horrek ekarri du saharatik.com informazio webgunea, gaiaren gaurkotasuna euskal erreferentzia batetik islatzeaz gain, berton hainbat elkartek eta instituziok saharauien alde antolatzen dituzten ekimenen berri emateko. Webgune dinamikoa izango da, Wordpress sisteman egina, eta elkarteen partaidetzara irekia izango den tresna.

Bertan web aldizkari eguneratua aurkituko duzue, hainbat gairen inguruko azken ordua bilduko duena. Bi gai nagusi dira bertan:

ELKARTASUNA atalean hemendik saharauiei laguntza emateko egiten denaren inguruko informazioa jasoko dugu, errefuxiatuen kanpamenduei laguntza (karabana, elkartasun proiektuak eta bestelako ekimenak), salaketa, sentzibilizazio eta mobiliziazio ekimenak.

LURRALDE OKUPATUAK atalean Marokok okupatutako lurraldean bizi diren saharauiek jasaten duten errepresioaren inguruko azken albisteak.

Aurkituko ditugu, halaber, NAZIOARTEA edo IRITZIA bezalako atalak, edo gure herri eta auzoetan antolatuko diren ekitaldien informazioa bildu nahi duen AGENDA atala. Baina saharatik.com webgunearen izaera multimediatikoa nabarmendu beharra dago, testu eta irudiez gain bestelako dokumentuak ere eskura baitaitezke bertan. Esaterako, LA JAIMA irratsaioa, ostegunero SEADen lagunen Bizkaiko elkarteak Tas-Tas irrati librean egin ohi duen irratsaio honen saioak MP3 formatoan eskuragarri daude LA JAIMA atalean.

Gainera, MULTIMEDIA dokumentuen atalean bideo interesgarriak eskura ditzakegu erreportaia eta dokumentalekin. Adibidez, Al Jazeera kateak Saharako intifadaren inguruan egindakoa, baita beste telebista batzuetan agertutako irudiak eta geuk sorturiko bideoak eta argazkiak ere. Dokumental interesgarriak ere eskuratu ahal izango ditugu bertatik eta aurki saharauien musika ere izango da eskuragarri.

Webgune berri honen aurkezpena gaia gurean pil-pilean dagoen unean suertatu da: lurralde okupatuetan manifestazioak egiten ari dira saharauiak askatasuna aldarrikatzeko eta Marokoko erregimena sekulako errepresioaren bidez erantzuten ari da; euskal parlamentari, kazetari eta behatzaileek osatutako "ordezkaritza egotzi zuten": marokoarrek Aaiunetik asteazkenean eta iragan asteburuan "Oporrak Bakean" planeko haurrak heldu ziren Loiura gurean uda pasatzeko. Honen inguruan saharatik.com webgunean aurkituko duzue informazio guztia, baita uztailaren 17an Arrasaten izango den Oporrak Bakean jaiaren inguruko jakingarriak ere.

Erantzun

Sartu