Teknologia albisteak

Kopiatu liburu hau, hedatu copylefta, egin borroka (copyfight)

Erabiltzailearen aurpegia
Iturri - Harrikadak blogetik
2005-07-13 : 09:07

David Bravoren Copia este libro liburua irudien atalean genuen komentagai duela gutxi, bere azal bitxiagatik. Edukia ere aipagarria da gainera, eta egilea, etzi (hilak 15), Bartzelonan irekiko diren Copyfight jardunaldi interesgarrietan izango delako aitzakiaren, pasarte batzuk euskaraturik dakarzkigu.

David Bravo: Kopia ezazu liburu hau

David Bravo: Kopia ezazu liburu hau

David Bravo abokatu sevillarraren berri telebistaren bidez izan nuen. TVEren 2. katean agertu zen Enfoque saioan duela zenbait hilabete. Musikari buruzko eztabaida batean egon zen, musika zabaltzeko neurri murriztaileen kontrako jarrera eta argumentuak defendatuz. Beste aldean Teddy Bautista zegoen. Eta Chenoa. Eta Alex de la Nuez, Cristina Rosenvinge-ren bikotekidea Alex y Cristina taldean. Gero, Bravoren bloga jarraitu dut zeharka. Orain argitaratu berri du Copia este libro liburua. Jaitsi egin dut saretik eta, seguruenik, erosi egingo dut. Nork dio internet-ek kalte egiten diola liburu eta diskoen salmentari?

Liburu interesgarria dirudi. Bertan jasotako zenbait gauza aipatuko ditut bakarrik. Hona hemen 18 eta 19. orrialdeetan topatu ditudan batzuk:

"Editore, konpositore eta egileen erreprodukzio eskubideak kudeatzen dituen SDRM elkarteak 1000 euro eskatu zizkien Pierre Merejkowsky, frantses aktore eta errealizadoreari, eta Les Films Sauvages, haren ekoiztetxeari, areto espezializatu batean estreinatu zen filmean kantu bat erabiltzeagatik. Filmeak 203 sarrera saldu zituen soilik. Kantua Internazionala zen eta filmeko pertsonaia batek 7 segunduz txistukatzen du baimenik gabe. XIX. mendeko kantua ez da egongo domeinu publikoan 2014 urtera arte. Egun hori iritsi arte, komunisten ereserki honek etekinak emango dizkie jabetza intelektualaren jabe handiei".

"Uso Zuriak, bakearen sinboloak, ere badu jaberik. Herriak beretzat hartutako Picassoren marrazki hau ezin da askatasunez erabili. Erabiliz gero, artistaren eskubideak kudeatzen dituen erakundeak zuregana joko luke ez-legezko jarduera horren prezioa zein den jakinarazteko. Eta hori horrela izango da 2023 urtera arte. Sinbolo hori erabiltzen duten webgune bakezale guztiak legez kanpo daude. Litekeena da VEGAP elkarteak, margolariaren oinordekoak kide dituen elkarteak, ez egitea ezer, lotsagarria izango litzatekeelako, baina eginez gero, legea alde izango luke".

"Oso ondo daki hau Malagako Unibertsitateak. Erakundearen estatutuek dioten bezala, bere ezkutuak ’uso zuria dauka, Pablo Ruiz Picasso malagarraren litografian ageri den irudiaren erreprodukzioa’. Margolariaren oinordekoek jakinarazi zioten unibertsitateari zenbat ordaindu behar zuten sinbolo unibertsal horren erabileragatik. Horregatik, 2004ko irailaren 17an, Malagako Unibertsitateak ezkutuaren aldaketaren berri eman zuen. Erabaki honekin kulturaren, artearen eta zibilizazio guztiaren oinarriak arriskuan jartzen zituen pirateria ekintzari eman zion amaiera".

(...)

Copyleft, Mikel Iturria, David Bravo.

Erantzun

Sartu