Teknologia albisteak

Ikusleek ere parte hartuko dute uztailaren 16ko Graffiti Lehiaketako finaleko jaialdian

Erabiltzailearen aurpegia
Maria González Gorosarri - Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa
2005-07-06 : 19:07

Euskal Herriko II. Graffiti Lehiaketaren finala uztailaren 16an ospatuko da, Getxon. Egun horretarako, lehiaketa bera eta hainbat ekitaldi antolatu ditu Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak.

Graffiti Lehiaketaren bigarren edizio honetan, 25 lan aurkeztu dira. Horietatik hamar Getxoko hormetara eramango dituzte egileek, lehiaketaren finalean hain zuzen. Euskal Herriko herrialde guztietako graffitigileek euren lanak aurkeztu dituzte. Adinari dagokionez, tarte guztietako parte-hartzaileak ere izan dira.

Hona hemen finalera heldu diren hamar graffitigileak:

-Haritz Irureta Piru (Zarautz, Gipuzkoa) eta Aitor Larrañaga Peli (Zarautz, Gipuzkoa)

-Hibai Garai Esan (Arrasate, Gipuzkoa) eta Iñaki Uriarte (Arrasate, Gipuzkoa)

-Imanol Garaizabal (Elorrio, Bizkaia)

-Eva Mena (Bilbo, Bizkaia), Ruben Daniel Martínez (Gasteiz, Araba) eta Jorge Martín (Iruñea, Nafarroa)

-Eneritz Velasco (Gasteiz, Araba) eta Egoitz Ponte (Gasteiz, Araba)

-Gorka González GO (Ermua, Bizkaia)

-Nuria Sierra (Berango, Bizkaia) eta Aratz Ruiz (Gasteiz, Araba)

-Asier López (Bilbo, Bizkaia), Aitor Jiménez (Astrabudua, Bizkaia) eta Maider Celada (Arrigorriaga, Bizkaia), Grafimatics taldea

-Ander Garrosa (Gasteiz, Araba) eta Javier Romero (Gasteiz, Araba)

-Hodei del Barrio (Burlata, Nafarroa) eta Javier Landa (Huarte, Nafarroa)

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioko eta Getxoko Udaleko ordezkariez gain, lehiaketan parte hartu ez duten zenbait graffitigilek ere epaimahaia osatu dute. Epaimahai horrek uztailaren 16ko finalean saritutako lau lanak hautatuko ditu. Era berean, graffiti erakustaldian parte hartuko duten GoldXpression taldeko kideek ere boto eskubidea izango dute.

Graffiti Lehiaketaren finaleko jaialdia Getxo hartuko duen zirkuituan izango da. Euskal Herriko II. Graffiti Lehiaketa bera zirkuitu osoan ospatuko da. Guztira, hamar graffiti margotuko dituzte aukeratutako egileek. Horietatik saritutako lau lanak aukeratuko ditu epaimahaiak. Sariok honako ezaugarriak hartuko dituzte kontuan:

-Kolorearen erabilpenik egokiena.

-Teknikarik onena.

-Emakumeek egindako graffitirik onena.

-Freskotasuna eta erakargarritasuna.

Azken saria Topaguneko kide Bizarra Lepoan Getxoko euskara elkarteko kideek emango dute. Aurreko hirurak, aldiz, Getxoko Udaleko ordezkariek. Xabier Paiak aurkeztuko du sari banaketa ekitaldia. Sari bakoitza 1.200 eurokoa izango da.

Graffitigileek behar izango duten materiala Fergasor enpresak ekarriko du, horixe da-eta Euskal Herrian zein Espainian Montana Cans spray markaren banatzaile ofiziala.

Ikusleek ere parte-hartzaile

Horretaz gain, egun osoko ekitaldiak antolatu dira, ikusleek ere parte har dezaten. Lau gune egongo dira: San Nikolas plaza, Algortako metroko plaza, Arrigunaga eta Portu Zaharra, hain zuzen. Hona hemen ekitaldirik esanguratsuak:

1. Tailerrak

-Perkusioa, DJ, Scrach eta break dance (San Nikolas plazan).

-Graffitia (Portu Zaharran).

2. Erakustaldiak

-Graffitia, GoldXpression taldearen eskutik (San Nikolas plazan).

-DJ, Scharch perkusioa eta break dance, Selekta Sound System eta Intxaurbreak taldeekin (San Nikolas plazan).

3. Haur Txokoa

-Bizarra Lepoan euskara elkartearen ardurapean (Algortako metroko plazan).

4. Skate pista

-Norberak bere patin eta patinetea ekarri beharko ditu (Algortako metroko plazan).

5. Kontzertuak

-Eibarko (Gipuzkoa) KOKEIN eta Ziburuko (Lapurdi) M.A.K taldeak.

Erantzun

Sartu