Urola Kostako HITZAn, azaletik bada ere, zarauztarrek sortutako zenbait blog izan dituzte hizpide, blogak gero eta gehiago direla, eta zarauztarrak horretan ere ari direla nabarmenduz.
Hau da HITZAk atzo argitaratu zuena:
"Euskarazko blogak oraindik gehiegi ez badira ere, zarauztarrek sortutako gero eta gehiago aurki daitezke Interneten.
Eguneroko baten antzekoa da blog bat, baina irakurleen erantzunak eta iritziak ere biltzen ditu. Testuak, argazkiak, gogoetak eta nahi duena sar dezake egileak. Interneten gero eta gehiago aurki daitezke, baita euskarazkoak ere, eta horietako batzuk zarauztarrek sortutakoak dira, norbanakoek zein taldeek.
www.goiena.net/blogak/joseba helbidean, esaterako, Zarauzko «tabernari baten bizimodua eta pentsakerak» biltzen dira. Lehen Xoxoa eta orain Iruña taberna kudeatzen duen Joseba Iruretagoiena, gainera, orain hasi da idazten, blogaren harira: «Kasualitate hutsa izan zen. Egunkari batean irakurri nuen blogei buruzko artikulu bat, eta animatu egin nintzen. Hiru orduko ikastaro txiki bat egin nuen, eta orain ondo pasatzen dut kontu honekin. Nolabait, barrua husteko balio dit. Gainera, blog pertsonala eta tabernari buruzko kontuak uztartzen ditut».
www.goiena.net/blogak/ziztazale helbideak, berriz, «zikloturista artritikoaren bloga» biltzen du. Joseba Makazaga zarauztarraren kontuak irakur daitezke bertan.
azkenportu.blogspot.com helbidean irakur daitekeenez, Azken Portu auzoko «jaien egitaraua, antolakuntza, eta beste hamaika konturen berri emango dugu aurrerantzean blog honetan, Azken Portuko jaiei buruzko zalantza, iradokizun eta gainerako guztiak bertatik bertara ezagutzeko».
amestu2017kolore.blogspot.com helbidea, berriz, Zarauzko zenbait gaztek sortu dute, eta «etxebizitzei, ametsei eta eguneroko kontuei» buruzko gogoetak biltzen dituzte, argazki eta guzti".
Erantzun
Sartu