Teknofiloen albistegia

Rikardo Arregi kazetaritza sarietan blogosfera aipagai

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2005-07-03 : 11:07

Blogosferaren inguruan aipamenak atzo, Rikardo Arregi kazetaritza sarietan, tartean Sustaturi. Epaimahaiko Mikel Irizarrek kontatzen du bere blogean

Kazetaritza euskaldunaren sari ezagun hauetan, honela geratu da plamaresa:

Honela gelditu da aurtengo palmaresa:

  • Sari Nagusia: Maite Artola (Euskadi Irratia)
  • Kazetari Gaztea: Ainhoa Lendinez (Argia)
  • Aipamen berezia: Elhuyar aldizkariko dossier bat
  • Ohorezko aipamena: Luzien Etxezaharreta eta Martxelo Otamendi.

Irizarren blogean epamaihaiaren erabakia osorik kontsultatu daiteke, eta Interneten inguruan dioena kopiatzen dugu jarraian:

Hedabideek eman dute aurten ere berea, medio berriak sortuz eta beste batzuk desagertuz. Edizio honetan, ordea, bereziki aipatu nahiko genituzke euskarri berrien bitartez etorri direnak. Eitb24.com ataria aipatzeaz batera, euskal blogosfera azpimarratu nahiko genuke. Aipagarria iruditzen zaigu nola garatu den blogintzaren fenomenoa euskaraz, joera globalak bertakotzeko azkartasuna erakutsiz. Eibar.org taldeak sortu du lehen blog komunitatea euskaraz, eta honen haritik etorri da Goiena.net komunitatea. Bien artean, azaleratu dute euskal blogarien multzo polita eta bultzada eman diote euskarazko blogosferari.

Interneten arloan aipagarri deritzogu Joxe Aranzabalen kasuari. Sustatu.com blog kolektiboan eman zuen on-line bere minbiziaren berri, eta aurten komunikazio ariketa hura bihurtu da paperezko liburu. Ohiko ibilbidea izanik paperetik sarera, aipagarria da alderantziz gertatu izana, lehen aldiz. Pozten gara eritasunaren aurka eramandako borroka kontatzeko harturiko kazetaritza-xendraren helmugan osasuna Joxeren zain egon delako.

Arlo honi amaiera emateko, aipagarria begitantzen zaigu aurki.com-ek sortu duen tresna, sarean diren euskarazko argitalpen guztiak (blog xumeak zein hedabide handiak) orri bakarrean biltzeko, une oro eguneratuta. Tresna ezin hobea da euskarazko informazio esparrua bistaratzeko.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu