Teknologia albisteak
1

Google Earth, satelite-irudiak zure esku

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2005-06-29 : 10:06

Aste honetan izan da Googleren azken produktuaren aurkezpen ofiziala: Earth Google. Satelitez ateratako irudiak zure ordenagailuan izateko aukera ematen dizu.

Honezkero hilabete batzuk zeramatzan sarean Keyhole izeneko produktuak, eta Googlek erosi ondoren, Google Earth jaio da, oraindik ere Beta bertsioan.

Satelitez ateratako irudiak batetik, eta Googleren mapak eta bilaketa-sistema indartsua bestetik, munduko informazio geografiko ahaltsua aurkezten du produktu berriak.

Google Earth-ek munduko mutur batetik besteraino joateko aukera ematen dizu, leku jakinetan zoom-ak egin eta kaleak ikusiko dituzu, eta zerbitzuak bilatzeko aukera ere badago (tabernak, jatetxeak, ospitala, futbol zelaiak...). Irudiak lauak izan daitezke edo 3 dimentsiotakoak, eta biratzeko aukera ere badute. Munduko mapa erraldoi horretan edozein puntu interesgarri markatu daiteke, eta bai bilaketak bai zerbitzuak katalogatzeko eta gordetzeko modua ere badago.

Oraindik batez ere AEB-ko irudiak eta informazioa

Irudien kalitatea ez da berbera mundu guztian. Satelite-irudirik zehatzenak Ipar Amerikakoak eta Europakoak dira. Europan ere, hegoaldea iparraldea baino askoz zehaztasun handiagoarekin erakusten da.

Euskal Herriari dagokionez, Bilbo, Baiona, Iruñea eta Txingudi dira zehaztasun gehiagorekin ikusiko ditugun aldeak.

Zerbitzuen inguruko informazioa ere (tabernak, bideak, farmaziak...), hiru herrialdetakoa bakarrik aurkituko dugu oraingoz (AEB, Canada eta Erresuma Batua), baina laster hasiko dira gehitzen beste leku batzuetakoa.

Doako bertsioa eta ordainpekoak

Google Earth doan jaitsi daiteke. Ordenagailu eta konexio egokiak izatea besterik ez duzu behar. Hala ere, ordainpeko beste bi produktu ere baditu, Earth Plus (urtean 20 dolar), eta Earth Pro (urtean 400 dolar). Azken horrek askoz erresoluzio hobea eskaintzen du, eta tresna gehiago ere baditu: GIS datuak inportatzeko modua, bideoak grabatzekoa, eta abar.

Oraingoz Beta bertsioa da, eta gure inguruko informazio gehiegi ez dauka, baina ez da zaila irudikatzea oso epe laburrean Interneteko tresna nagusien tokian izango dugula Google Earth.

Bien bitartean ere tresna gomendagarria, olgetarako besterik ez bada ere.

Erantzunak

Asier Sarasua
2005-06-29 : 18:42

Batetik, Googleren mapetan agertzen den Euskal Herriko toponimia guztia gaztelaniaz dagoela. Ulergarria, nire ustez ("what a hell is euskera?"), baina norbaitek (Jaurlaritzak? Euskaltzaindiak? Internautok?) zerbait egin beharko luke. Google da Euskal Herriak duen leiho handi eta zabalena.


Bestetik, Google Earth horrek garbi lagatzen digu Euskal Herriko zein ingurune diren erakargarrienak amerikarrentzat. Mundu guztia ez da agertzen definizio-maila berarekin mapetan; ulergarria den moduan, New Yorkeko irudiek eta Saharakoek ez dute zehaztasun maila berbera. Euskal Herrian bertan ere, hiru ingurune dira bereziki eskaneatu dituztenak:


  • Iruñea (Sanferminak)

  • Bilbo (Guggenheim)

  • Hendaia-Baiona (Le Pays Basque)

Ce fini! Horixe gara euskaldunak amerikarrentzat.


Eibartik blogetik hartua. Kopyleft.




Erantzun

Sartu