Tesi irabazlea: eraztunaren indar ezkutua
2005-06-20 15:06
Eraztunaren indar ezkutua lana izan da Basque Research atariaren (Elhuyar Fundazioa) III. Tesien Sariaren irabazlea. Irabazlea Silvia Arrese-Igor izan da, Fisikan doktorea (EHU). Bigarren saria, Ane Martinez de Guereñu Ingeniaritza Industrialean doktoreak (Nafarroako Unibertsitatea) lortu du.
Bigarren saria Ane Martinez de Guereñuk idatzitako "Altzairuen mikroegitura karakterizatzeko teknika magnetiko berriak" tesiaren laburpenak jaso du. Ane Martinez de Guereñu ingeniaritza industrialean doktoratu zen Nafarroako Unibertsitatean eta TECNUNeko ikertzailea da. Aurkeztu duen lanean altzairuaren mikroegituraren ezaugarriak izan ditu aztergai. Lan horri esker, Ane Martinez de Guereñuk landetxe batean asteburu bat igarotzeko saria irabazi du, Nekaturrek eskainita.
Guztira Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitateko 17 tesien laburpen aurkeztu dira. Horietatik 9 Nafarroako Unibertsitate Publikokoak izan dira, 7 EHUkoak eta bakar bat Nafarroako Unibertsitatekoa. Tesi guztiak 2004an aurkeztu ziren. Askotariko gaiak landu dira: informatika, nekazaritza, ingeniaritza, geologia, matematika, estatistika, biologia, kimika, fisika, medikuntza eta farmazia, hain zuzen ere. Hizkuntzei dagokienez, 4 laburpenek euskara izan dute hizkuntza nagusitzat, 12k gaztelania eta batek ingelesa. Epaimahairen iritziz, lan irabazleetan egin da tesia dibulgatzeko ahaleginik handiena. Gaien konplexutasuna kontuan izanda, edonork ulertzeko eran idazteko ahalegina nabarmendu dute epaimahaikideek. Horrez gain, terminologia azaltzea eta egoki erabiltzea, idazkeraren samurtasuna, tesiaren muina ondo azalduta egotea eta euskaraz egindako dibulgazio-ahalegina baloratu dituzte, beste hainbat parametrorekin batera.
Saritutako lan horiek eta parte hartu duten gainerako egileenak www.basqueresearch.com web guneko TESIEN SARIA atalean daude ikusgai.
Erantzunak kargatzen...