Teknologia albisteak

Abian dira zientzia-dibulgazioko XII. CAF-Elhuyar sariak

Erabiltzailearen aurpegia
Rakel Lopez - Elhuyar Fundazioa
2005-06-15 : 10:06

Urtero legez, CAF enpresak eta Elhuyar Fundazioak CAF-Elhuyar sariak jarri dituzte abian. Dibulgazio-artikuluen sailean, hiru sari nagusi eta gazteentzako sari berezia egongo dira jokoan; bestalde, dibulgazio-liburu bat idazteko 4.500 €-ko beka ere emango da.

Abian dira zientzia-dibulgazioko CAF-Elhuyar Sariak, aurten hamabigarren aldiz. Aurtengo sariketan bi sail izango dira: dibulgazio-artikuluei dagokiena bata, eta dibulgazio-liburu bat idazteko bekarena bestea..

Dibulgazio-artikuluen sailean hiru sari nagusi eta gazteentzako sari berezi bat banatuko dira: lehen sariak 1.000 €, bigarrenak 500 € eta hirugarrenak 300 € balio dute, eta 25 urtetik beherako egileak egindako artikulu onenak 300 €-ko saria izango du.

Bestalde, dibulgazio-liburu bat idazteko proiektu onenak 4.500 euroko beka jasoko du, eta, urtebetean, Elhuyar Fundazioak liburua argitaratuko du.

Lanak 2005eko abenduaren 1a baino lehen aurkeztu behar dira. Irabazleen izenak 2006ko martxoaren 31 baino lehen jakinaraziko dira.

Sariketa honetarako oinarriak www.elhuyar.org eta www.zientzia.net web guneetan daude. Web gune horietan aurreko edizioetako lan irabazleak ere ikus daitezke.

CAF-ELHUYAR sariak direla eta
Beasaingo CAF enpresak babesturik, zientziaren dibulgazioa sustatzeko sariak sortu zituen Elhuyarrek duela hamaika urte. Erronka hari tinko eutsiz, 1994az geroztik urtero antolatzen dira zientzia-dibulgazioko CAF-Elhuyar sariak. Ehunka zientzialarik eta idazlek beren lanak argitaratzeko aukera aparta dira sariok, lortu duten oihartzunak erakusten duenez.

Erantzun

Sartu