Sustatu logoa Teknologia albisteak

Vocentoren webgune euskaldun hilak, Euskararen Berripaperean nabarmen

Sustatu
2005-06-02 09:06

Apirilean Zuredirua.com eta Gaurkoenpresa.com famatu zituen Euskararen Berripaperak: Euskarazko berriez hornitutako web atarien eta aldizkari elektronikoen saila aberastuz doa egunetik egunera. Oraintsu, bi dira aurretiaz sortutakoen zerrendari erantsi beharrekoak: www.zuredirua.com eta www.gaurkoenpresa.com.

Maiatzekoan, berriz edizio digitala baino ez duten agerkarien zerrenda bat zekarren buletinak, eta Sustatu aipatzeaz gain (bereziki hizkuntzari dagokio weblog honen gaia, Berripaperaren iritziz), berriro zetozen Zuredirua eta Gaurkoenpresa, eta beste produktu bat ere bai: AlbisteakSMS.com

Berripaperaren esanetan, informazio mordoaren jabe izateko aukera dugu, etxetik bertatik, aurrez aipaturiko berriemaile digital horien bidez.

Kontua da, ostera, ez dirudiela Berripaperaren erredaktoreek edo HPSk asko bisitatzen dituztenik Vocentoren agerkari digital hauek. Hilda daude: itxura guztien arabera ez dute berrikuntzarik izan iaztik. Hiru guneak webgune estatiko izateko traza daukate, teknologia dinamikorik gabeak itxura batean, eta eguneratu gabeak guztiz.

Albisteak datatu gabe daude Zurediruan eta Gaurkoenpresan, baina edukiei erreparatuta iazko kontuak direla ikusten da. Egutegiko azken sarrerak urtarrilean dira batean (gainera, aldez aurretik idatzitako prebisioak dirudite, ez 2005eko urtarrilean benetan osatu den ezer) eta iazko ekainean, duela urtebete, bestean. AlbisteakSMS delakoak azken eguneraketa 13.00etan izan dela dio, baina berdin dio noiz bisitatzen duzun: beti eguerdiko ordubatetakoa da azken eguneraketa hori; zein egunetakoa, ez digute esaten. Hala ere gunearen albisteen zerrendan ikusten denez, Arabakoan iazko urrikoak dira azkenak, eta Bizkai-Gipuzkoaren kasuan iazko abuztukoak.

Aipatutako hiru webgune hauek, Vocento taldeko Vocento Mediatrader enpresak eginak dira.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu