Teknologia albisteak
11

Gipuzkoako Foru Aldundia oker dabil

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal - Goiena.net eta eibar.org-ko 30 blogariren izenean
2005-05-27 : 10:05

Apirilaren hondarrean Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen bat egin zuen El Diario Vasco egunkariarekin, blog lehiaketa bat antolatzeko. Ez zituen aintzat hartu ordura arte Gipuzkoan bertan blogintzan egindako ahalegin oparoak, eta DV-rekin ezkondu zen. Historia faltseatzera ere heldu da, gainera.

Nork bere ezkontideak hautatzen ditu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eskubide osoa du berea aukeratzeko. Hautuak, ordea, sortu zituen protesta batzuk, adibidez: Blog&roll lehiaketa printzipioz gaztelania hutsez izan behar zelako; edo saritzea nahi zutelako blog onena, baina horretarako ezinbestekoa zelako blog hori Diariovasco.com-en egitea; edo, oro har, aitzindarien lana kontuan hartzen ez zelako.

Okerrena, baina, orain dator: Gipuzkoako Foru Aldundiaren organo ofiziala hasi da hainbat informazio banatzen, eta hor aldatu egiten da euskal blogintzaren historia, DV-ri emateko ez daukan aitzindaritza. Eta hori ez diogu onartuko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu du E-gobernua eta hiritarren parte-hartzea, jardunaldi batzuk, non gonbidatu dituen Europa Press-eko ordezkari bat, eta beste bat DV-koa, teknologia berriez hitz egiteko. Eta DV-ren ordezkaria aurkezterakoan, hauxe dio: “Diariovasco.com fue el primer medio digital en incorporar foros de discusión sin pre-moderación, y ha sido también el primero en poner a disposición de sus usuarios un servicio de blogs”.

Blogei dagokienez, hori ez da egia

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta DV-k badakite Euskal Herrian lehen bloga, Sustatu.com, 2001ean kaleratu zela, CodeSyntax (Eibar) eta Goiena (Debagoiena) enpresek sortua. Lehen blog zerbitzua Eibar.org erakundeak sortu zuela 2004ko uztailean. 2005eko otsailaren 22an aurkeztu zuela Goiena.net-ek blog komunitatea Koldo Mitxelena kultura gunean, Donostian. Eta gero etorri zela DV bere blog zerbitzuekin. Baina…, hor egon liteke aitortu gabeko koska Gipuzkoako Diputazioarentzat, blog horiek guztiak euskaraz daudelako. Horiek ez ezik, beste asko ere, 170 blogetik gora, euskaraz daude, eta Aurki.com albiste biltzaileak jasotzen ditu uneoro.

Berritasuna goiena.net?

Bada beste jokabide ez egoki bat egin duena Gipuzkoako Diputazioak eta hauxe da: asko gara gaudenak izena emanda e-postazko buletin batera, Gipuzkoa.net atari ofizialean zer dagoen berri jasotzeko. Oraingo astean etorri denak, konpentsatzeko-edo, berritasunetan zekarren lotura bat: Goiena.net. Berritasuna, non eta 2003ko udazkenetik dabilenean ekimen hau sarean!. Nola hartuko gaituzte kontuan Deba ibarrean, San Vicente de la Barqueraren parean... Horientzat Gipuzkoa hasten da DV-ko orrietan eta amaitzen da Igara-Ibaeta inguruan.

Errespetua

Gipuzkoako Foru Aldundiak aukeratzea dauka nahi dituen aliatuak, baina, mesedez, ez dezala historia faltseatu eta izan dezala errespetu apur bat punta-puntako teknologia erabiliz euskarazko ekimen berriak bultzatzen dihardutenekiko.

Joxe Aranzabal, ‘Eibar.Org’ eta ‘Goiena.Net’ komunitateetako 30 blogariren izenean

Erantzunak

Eibar.org
2005-05-27 : 10:55

Eibar.org elkartearen baitatik, hauek dira gutun honekin bat egin dugunak:


Eibar.org-eko blogariak


Inguruko beste lagun batzuk


  • Ibon Usarralde Lasarte


Goiena.net
2005-05-27 : 11:09

Goiena.net -eko blog komunitateko blogariek Joxe Aranzabalen adierazpen horri babesa ematen diote:


Adierazpenarekin bat egiten dute Goienako telematika saileko Maider Arregi, Iban Arantzabal eta Usoa Agirrek ere.


Badihardugu
2005-05-27 : 11:40

Badihardugu euskara elkartearen izenian be, gure alkartasuna.


Garbi dago euskeraz egindako lanak ez dirala sekula ez artea, ez teknologia, ez kultura, ez ezer. Folklorea besterik ez gara oindiokan askorendako.


Animo!


atxukale
2005-05-27 : 16:53

atxukaletik Aitzol Naberan eta Pedro Arreitunandiak ere bat egiten degu adierazpenarekin.


Hortaz aparte, Gari teknosexualak proposaturiko Google Bombing horretan ere parte hartzen degu.


3ARRANO
2005-05-27 : 18:34

3ARRANO webgunetik ere Google Bombinga eginez, ea lortzen dugun Gipuzkoak Aldundikoak pixkat urduritzea. Ze uste zuten, ixilik geldituko ginela?!

magic
2005-05-27 : 20:16

Ados erabat!!!

Gure zergekin finantzatzen diren erakunde publiko guztiei benetako zerbitzu publikoa eskaintzeko garaia heldu zaie. Ezin ditugu inolaz ere gisa honetako erabakiak onartu.
Erakunde publikoak gure zerbitzura jartzen ez diren bitartean, beste motako ekimenak abian jartzea derrigorrezkoa dugu. Honekin ere antzeko zerbait egitea proposatuko genuke: euskal blogosferan gabiltzanon artean egin dezagun zertxobait paraleloa eta Gipuzkoako Foru Aldundiari boikota egin diezaiogun.

Ordiziako Jakintza Ikastolako IKTeroak

Kepa Diegez. etnomet.blogspot.com
2005-05-27 : 21:30

Blokgile xume honen partez, bizkaitarra izan arren, neure elkartasunik beroena. Kaparrada ematen jarraitu behar dugu bestela jai!

Jozulin
2005-05-27 : 21:47

Beste bizkaitar bat ere benetako lehen blogonauten alde.
Jozulin


Julen
2005-05-29 : 00:25

Nik ere bat egiten dut adierazpen hauekin. Bestalde, nire bitakoraren bitartez google bombing-ean ere parte hartzen dut.

Volgako Batelariak
2005-05-31 : 01:29

Volgako Batelariok, idazle konprometituen kolektibo gisa, ez dugu aukera galtzen justiziaren aldeko (ia) edozein sinadura-eskakizunari gurea(k) eransteko; beraz, hemen dituzue, Joxe Aranzabalen eskutitzerako, justiziazkoa denez gero.


Rikardo Arregi Diaz de Heredia
Ibon Egaña
Angel Erro
Juanjo Olasagarre
Iban Zaldua.


Erantzun

Sartu