Kontseiluak proposatutako Euskara sustatzeko eta euskalgintza babesteko Akordio Soziopolitikoa sinatu zuten erakunde politikoek eta sindikalek euskarak irakaskuntzan duen garrantziari buruzko idatzi bat zabaldu nahi dute, Bilboko Bertendona ikastetxean itxialdian dauden bitarteko ikasleen jarreraz hausnarketa egin nahian.
ANV-EAE (Acción Nacionalista Vasca-Eusko Abertzale Ekintza), Aralar, Batasuna, Eusko Alkartasuna, EHNE (Euskal Herriko Nekazarien Elkartea), ELA (Euskal Langileen Alkartasuna), ESK (Esker Sindikalaren Konbergentzia), Hiru (Euskal Herriko Garraiolari Autonomoen Sindikatua), LAB (Langile Abertzaleen Batzordeak), STEE-EILAS (Euskadiko Irakaskuntzaren Langileen Sindikatua), Zutik eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua honako hau aditzera eman dute:
1. Euskal Herriko herritarrok badugu euskara ezagutzeko eskubidea eta eskola tresna aparta da horretarako. Hala ere, gaur egun ez da bere helburua zeharo betetzen ari ez baititu haur denak euskalduntzen eta leku askotan euskaraz ikasteko aukera ukaturik baitago.
2. Gure ustez, euskalduntzea lortzen ez duten sistemak gaindituz, eskolak belaunaldi berriak euskaldundu behar ditu. Helburu hori bermatzea Hezkuntza Administrazioen ardura da.
3. Zeregin horretan guztiz funtsezkoa da hezkuntza komunitatea osatzen duten eragile guztien konpromisoa: gurasoena, ikasleena, irakasleena, baita beste hezkuntza langileena ere. Beraz, Bertendonako ikastetxean itxita dauden irakasleen jarrerak euskararen normalizazioari ez dio batere mesederik egiten. Euskara ikasi eta dagokien maila eskuratzea lortu duten irakasle eta beste hezkuntza langileen adibide txalogarriarekin gelditzen gara baita kalitatezko eskaintza bermatzearren etengabe haien hizkuntza lantzen dutenenarekin ere.
4. Gogoratu nahi dugu euskaraz lan egin eta irakatsiko duen Unibertsitate baten aldeko apustua egin dugula Akordioan, baita Lanbide Heziketaren kasuan ere, horixe baita euskararen normalizazioak landu beharreko bidea.
5. Hezkuntzak dituen egitekoen artean garrantzizkotzat jotzen dugu etorkinak euskalduntzea. Izan ere, belaunaldi berriak osorik euskaldunduko dituen hezkuntza baten aldeko apustu garbia egiten dugu.
6. Horregatik guztiarengatik, dei egiten diegu Bertendonan itxita dauden irakasleei EAEko hezkuntza publikoarekiko beraien erantzukizunari hel diezaioten eta, halaber, herritarrei euskalduntzea lortuko duen euskal hezkuntza sistema publikoaren alde lan egin dezaten.
Erantzun
Sartu