Arintasun editoriala lortzeko asmoz berritasun ñimiño batzuk ditu Sustatuk joan den ostiraletik. Da! izeneko atala, esate baterako.
Da! izeneko atal berezitua sortu dugu, sarrera besterik izango ez duten artikuluak kargatzeko, web erreferentzia bat azkar komentatzeko helburuz. Gutxi gora-behera Jamaika ikusteko atalean bezala, lotura bat eta komentario labur bat, baina desberdintasuna da Sustatuko artikulu nagusien artean sailkatuko dela horrela kargatutako albistea, eta erantzunen bidez komentatzeko aukera egongo dela.
Gainera, oraingoz, Da! erako artikuluak sortzea Sustatuko editoreen esku egongo da, ez jende guztiaren esku. Ikusiko dugu ea aurrerago atea irekitzen dugun. Gune bat di-da batean komentatzeko aukera librea badute irakurleek, eta Jamaika atalean azaltzen dugu nola.
Da! izena modan jarri nahiko genukeen interjekzio euskalduna da. Honela definitzen du Juan Martin Elexpururen Bergara aldeko hiztegiak: intj. Zerbait bat-batean gertatzen dela adierazten duen hitza. Adib.: Don Manuel, Dotriñia preguntau saltanduan. Ez ekin saillian, e. Da! oiñ lelengua, oiñ erdikkua, oiñ atzenekua.
Gai zerrenda agerrarazteko modua aldatu dugu. Lehen portadan zeuden, ezkerreko zutabeko atal batean. Orain orri berezitu hau sortu dugu, Flickr-ek edo Technorati-k etiketak erakusten dituzten bezala, geuk ere, tipografia eta mezu-kopuruak elkarlotuz.
Liberalak izango gara datozen aportazioekin. Testu orijinalak gehiago errespetatuko ditugu eta, ondorioz, gutxiago editatuko ditugu. Izenburua dena letra larriz, itsusi-itsusi idazten baduzu, hor konpon, zure aukera da. Ez dituzula web helbideak klikagarri egiten zuk zeuk? ba ez da izango klik zuzenik zuk adierazitako tokira. Hala nahi baduzu, hala bedi. Hurrengoan txukunago agertzeko, komeni zaizu HTML edo, oraindik hobeto, testu egituratua ikastea eta txuletak lagunduko dizu (inprimatzeko egokia).
Oso ideia ona Da!-rena. Askotan komentatu nahi izan dut Jamaikako loturaren bat. Edo beste batzutan nik bidalitakoak besteek komentatzea nahi izan dut, baina ez nintzen albiste luze bat sortzeko gauza eta Jamaikan argitaratu behar izan dut. Ea denok idazteko aukera ematen duzuen laster.
Eskerrik asko orain arte egin duzuen lan bikainagatik!