Administrazio guztiek urratzen dituzte hizkuntza-eskubideak
Aurkeztutakoa Behatokiaren urteko laugarren txostena da. Lau urteko perspektibari esker, hizkuntza-eskubideak bermatzeko orduan aurrerakuntza errealik aplikatu ez dela ondorioztatu dugu", adierazi du Behatokiko Zuzendariak, Paul Bilbaok.
Administrazio guztiek hizkuntza-eskubideak urratu dituzte Behatokiaren aburuz: Frantzia eta Espainiar Estatuetakoek, Nafarroakoek eta EAEkoek. "Orokorrean, ez dago hizkuntza-eskubideak bermatzeko mekanismo eraginkorrik", ohartarazi du Behatokiko Zuzendariak.
Hemen duzue txostena.
Txostenaren datuen arabera
- Estatuetako Administrazioek beren jarrerari eutsi izan diote. "Espainiako eta Frantziako Estatuko Administrazioak sistematikoki urratzen ditu. Frantziakoak, gainera, transmisioari oztopoak jarri dio".
- Nafarroako egoerari buruz, epaitegiak Behatokia sortu zenetik, 2004 urtean behin eta berriro adierazi duena berretsi egin duela gogoratu du Behatokiko Zuzendariak. Hau da: "Euskararen Legeak ez dio nafarren gehiengoari hizkuntza-eskubiderik aitortzen".
- Azkenik, EAEan eskubideen babeserako legeria betearazteko derrigortasunik ez egoteak urraketak betikotzen dituela aditzera eman du Paul Bilbaok. "Osasungintzan atzerapausoen zantzuak nabariak izan dira".
2004an Behatokiak 707 kasu bildu ditu. Horien artean, 636 kexa, 28 txalotze eta 19 kontsulta. Bestalde, Behatokiaren ekimenez bi auzitegiratze izan dira. Guztira, lau urte hauetan, Behatokiak 2500 espediente bideratu ditu.
Azterketa berriak
"Behatokiak burutzen duen txostena gero eta osoagoa da", goraipatu du Kontseiluko Idazkari Nagusiak. "Hasieratik azterketa egiteko erabili duen zorroztasunari eutsi dio".
Azterketa berriak txertatu zaizkiola azaldu du Xabier Mendigurenek. "Batetik, hizkuntza-eskubideen urraketen adibideak jaso ditu, komunitatea bere osotasunean kontuan harturik. Bestetik, hizkuntza-eskubideen urraketek eragindako beste eskubideen murrizketak esplizituki jaso dira".
"Txostenak urtero egiten duen ekarpenari eutsi nahi dio. Hizkuntza-eskubideen urraketen berri eman, Administrazioek berriro horrelakorik ez gertatzeko neurriak har ditzaten", aditzera eman du Kontseiluko Idazkari Nagusiak.
Horretarako, herritarrek euskararen telefonoa erabiltzen dute gehienbat: 902 194 332. "Ondorio horiek guztiek herritarren bizipenak dituzte oinarri, herritarrek bizi izan dituzten urraketak izan dira informazio iturri".
Erantzunak kargatzen...