Teknologia albisteak

Euskal Tonbola, euskararen alde

Erabiltzailearen aurpegia
Itxaso Ferreras - Kontseilua
2005-04-29 : 17:04

Kontseiluak Euskal Tonbola antolatu du, euskara bultzatzeko proiektu berriak abian jartzeko baliabideak lortzeko helburuarekin. "Euskal Tonbola herriz herri joango da euskararen konpromisoa zabaltzen", azaldu du Kontseiluko Idazkari Nagusiak, Xabier Mendigurenek.

Euskal Tonbola herrietako tabernetan salduko da. "Txartel bakoitzean sariaren izenarekin batera, norbanakoen euskara sustatzeko konpromiso bana azalduko da", jakinarazi du Idazkari Nagusiak.

Sariak

"Sari nagusiak Kariberako eta Mediterraneoan zeharreko bidaiak izango dira", zehaztu du Xabier Mendigurenek. Beraz, sari asko izango dira, besteak beste, MP3 irakurgailuak, kamera digitalak, sakelako telefonoak, DVD irakurgailuak, asteburuak landetxeetan, DVD sortak eta afariak.

"Txartelak herrietako tabernetan salgai egongo dira euro baten truke eta eskuratutako dirua euskararen normalizazioa lortzeko lanak betetzeko izango da", adierazi du Kontseiluko Finantzaburuak, Iker Gómez de Segurak. Erosleak txartela hazkatu egin beharko du saria zein den jakiteko.

Asteburu honetatik aurrera

Euskal Tonbola asteburu honetan abian jarriko da, eta lehendabiziko saltokiak Gipuzkoako Buruntza, Urola Behea eta Kosta izango dira. "Zonaldeka banatu dugu Euskal Tonbolaren ibilbidea eta Euskal Herriko herrialde guztietatik pasatuko da", aditzera eman du Iker Gómez de Segurak.

Hona hemen Euskal Tonbolak egingo duen ibilbidea:

  1. Gipuzkoako Buruntza, Urola Behea eta Kosta.
  2. Deba Behea, Deba Goiena eta Araba.
  3. Gipuzkoako Goierri, Urola Garaia eta Tolosaldea.
  4. Donostia, Oarsoaldea eta Bidasoa.
  5. Bizkaiko Busturialdea, Durangaldea, Lea-Artibai eta Mutriku.
  6. Uribe Nerbioi eta Butroi, Uribe Kosta, Enkarterriak, Ezkerraldea, Bilbao, Txorierri eta Arratia.
  7. Azkenik, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko zenbait herritan izango da.

www.kontseilua.org

Erantzun

Sartu