Teknologia albisteak
1

Herri prentsa euskaldunaren laugarren webgunerik bisitatuena da UKBERRI

Erabiltzailearen aurpegia
Kepa Ugarte - UKBERRI
2005-04-25 : 10:04

UKBERRI da herri prentsa euskaldunaren laugarren webgunerik bisitatuena, Alexa Amazon taldeko enpresak apirilaren 12an mundu mailan egindako sailkapenaren arabera. Erabateko fidagarritasunik izan gabe, errealitatearen hurbilpena eskaintzen du Alexak.

Cybereuskadi eta Erabili.com webguneek Alexatik bildutako datuetan ikus daitekeenez, Eibar.org, Azpeitiko Uztarria.com, eta Debagoieneko Goiena.net webguneen ostean eta Durangaldeko Anboto.org , Azpeitiko Erabili.com , edo Donostialdeko Bagera.net baino lehen dago UKBERRI, herri prentsari dagokionez.

Euskarazko webgune elebakarren hurrenkeran ere, bederatzigarren postuan agertzen da UKBERRI , aurretik Berria.info , Eibar.org , Sustatu.com , Euskalerria.org , Aurki.com , Argia.com , Hikhasi.com eta Uztarria.com dituela. Uribe Kostako webguneen artean 6.a, Euskal Herriko sailkapenaren 305.a (pasa den urtean 1.094. postuan), eta mundu mailan 614.490.a gelditu da UKBERRI. Mila esker egunero digital hau irakurtzen duzuenoi.

Cybereuskadik jasotako datuen arabera, UKBERRIz aparte badira eskualdeko edo Uribe Kostarekin lotutako beste gune batzuk Euskal Herriko 1.000 webgune bisitatuenen artean. Besteak beste, EHU, Artea, Uribe Kosta Digitala, Getxo, Sopela, Leioa eta Gorlizko udalak, Metro Bilbao, Sarean.com Jabi Zabalaren bitakora, Bizkaia Euskal Kostaldea, Agirregabiriatarren Getxoweb, Areetan egoitza nagusia duen Sener enpresa, Izaro News digitala, Zinegoak, El Correo-ren master ikastaroa eta Itzubaltzetan egoitza duen Iparnet.com.

Alexaren sailkapenaren inguruan

Asier Sarasua Eibartik bitakoraren egileak Erabili.com webgunean esan duenez "Alexa ez da oso fidagarria bere rankineko 100.000. postutik atzera (beraiek onartzen dute)".

Era berean, Zuhar Informatika enpresako kidea den Osoitz Elkorobarrutiak pasa den urtean Sustatun idatzi zuenez "Alexak nagusiki Internet Explorer 6 erabiltzaileen nabigazio datuak espiatzen ateratzen dituela, gero eta zabalagoa den talde baten datuak kanpoan uzten ditu: Spywarea kentzeko programak erabiltzen dituzten IE6ko erabiltzaileak eta IE6 ez den beste nabigatzaile bat erabiltzen dutenak (W3schools-en arabera, %25-30). Bestalde, gehitu beharko liratezke Alexa nabigazio barra instalatuta duten IE erabiltzaileak, Alexaren informazio ituuri ofizial bakarra".

Horregatik, Alexaren sailkapena "benetako datu zehatza baino, gutxi gorabeherako erreferentzia" bezala definitu du Sustatuk behin baino gehiagotan.

Erantzunak

Asier
2005-04-27 : 11:26

> Asier Sarasua Eibartik bitakoraren egileak Erabili.com webgunean esan duenez "Alexa ez da oso fidagarria bere rankineko 100.000. postutik atzera (beraiek onartzen dute)".



Esan nezakeen, baina ez dut horrelakorik esan edo idatzi.



Argitzearren, besterik ez.

Erantzun

Sartu