Basque Research atariak (Elhuyar Fundazioa) III. Tesien Saria jarriko du martxan datorren maiatzaren 1ean. Unibertsitatean egiten den ikerketa gizarteratzea eta, batez ere, ikertzaile gazteen lanak ezagutaraztea dira helburu nagusiak.
Sarietara zientzia edota teknologiako doktoretza-tesien laburpenak bidali behar dira, 2004an azterketa gainditu zuten tesienak. Horiek Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako Foru Erkidegoko eta Ipar Euskal Herriko edozein unibertsitatetan aurkeztutakoak izan behar dute. Aurkeztutako laburpenek ezin dute 3.000 karaktere baino gehiago izan, eta argazki edo irudi bat ere bidal daiteke. Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez aurkeztu daitezke lanak; gainera, egileak hizkuntza batean baino gehiagotan bidal dezake bere laburpena, eta bertsio horiek guztiak argitaratuko dira. Kontuan izan behar da doktoretza-tesien laburpenak gizartera heltzeko moduan aurkeztu behar direla, era erakargarri eta ulergarrian.
III. Tesien Sarian bi sari banatuko dira: Sari Nagusia eta Bigarren Saria. Epaimahaian bost pertsona egongo dira, eta horiek erabakiko dituzte sariak; guztiek zientzia- edo teknologia-ikasketak dituzte, eta dibulgazioan adituak dira. Sari Nagusiaren irabazleak ordenagailu eramangarri bat jasoko du, Sistek informatika-etxearen laguntzari esker. Bigarren Sarian, berriz, tesiaren egileak EAEko landetxe batean bi lagunentzako asteburu-pasa irabaziko du, NEKATUR elkarteak eskainita.
Aurkezten diren lan guztiak ekainaren 1etik 15era bitartean egongo dira ikusgai www.basqueresearch.com atarian, eta egun horretan bertan jakinaraziko dira irabazleen izenak.
Oinarriak www.basqueresearch.com atarian daude ikusgai.
Erantzun
Sartu