Euskal blogosfera handitzen doa pixkanaka. Atzo, literaturari buruzko blog bat aurkeztu zuten Gasteizen, eta ez nolanahi gainera! Aurkezpen publikoa egin zuten taberna batean, DJ eta guzti. Literaturaz arituko dira blog berrian Rikardo Arregi, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zaldua, Volgako Batelariak.
Gasteizko Gora tabernan elkartu ziren bost batelariak 21:00etan. Han zeunden, hainbat lagun, esaterako: Kirmen Uribe, Arantza Ozaeta, Patxi Zubizarreta... Blogaren aurkezpenaren ondoren DJ saioa izan zuten, literatura & pop/rock gaiarekin: literaturarekin zer ikusia duten kantak ipini zituzten.
Ez da egunero blog baten aurkezpena egiten, ez behintzat gurean. Sortu bai, sortu egiten dira, baina modu honetan aurkeztu... eta euskal blogen artean, guk dakigula, hau izan da lehenengo aurkezpen publikoa.
Literatur aldizkari moduan aurkeztu dute bitakora eta blogean bertan aipatzen dutenez "aldizkariak moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna... horiek guztiak gaitzesten ditu" eta horiek guztiak beldurrik gabe salatuko dituzte blogean. Eibar.orgek duen blog komunitatean sortu dute bloga.
Beste Webgune Euskaldun Bat: www.eibar.org/blogak/volga
Erantzun
Sartu