Teknologia albisteak
1

Joxe Aranzabal: "Ez gaude ohituta minbiziaz argi eta garbi hitz egiten"

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi - Elkar
2005-02-22 : 11:02

Medikuak esan dit minbizia dudala izeneko liburua atera berri du Joxe Aranzabalek, esaldi horrekintxe hasten den aitorpen eta lekukotasuna, lehenengo Sustatu.com-en atalez atal argitaratuz joan zena orain liburura bilduta. Hona egilearekin izandako solasaldia.

Nola etorri zitzaizun burura, minbiziaren berri eman zizutenean, hori Internet-en kontatzea? Bat-bateko erabakia izan zen, ala bere "on-gaitzak pisatu zenituen"?

Nahiko bat-batekoa izan zen, bai. Ordurako nik idatzi egiten nuen Sustatun, albistegi bat Interneten, eta pentsatu nuen interesgarria izan zitekeela han nire gaixotasunaren berri ematea. Alde batetik, idazteak lagundu egingo zidan nire barruko demonioak askatzen, eta albistea jasotzean izan nuen zurrunbiloa antolatzen. Hori batetik, baina horrekin batera, pentsatu nuen nire testigantza Interneten uztea ona izan zitekeela beste batzuentzat, ez baikaude ohituta minbiziaz argi eta garbi hitz egiten.

Ez da antzeko esperientziekin egiten den lehen liburua, baina zurearen berezitasuna da gauzak gertatu ahala kontatzen direla, desenlazea ezagutu gabe beraz...?

Hori da. Armstrong-ek eta Suarez-ek, adibidez, idatzi zituzten beren liburuak prozesu guztia amaitutakoan. Kasu horietan denborak ezartzen du galbahe moduko bat. Nire kasuan, ostera, gauzak gertatu ahala kontatzen ditut. Zazpigarren atalean, adibidez, garbi ikusten da haserre nagoela, gida baimena kendu didatelako. Hori idatziko banu orain, seguruenik beste modu batean idatziko nuke. Bada beste berezitasun bat: liburu hau sortu da Interneten, eta hantxe garatu da, ziklo oso bat osatu arte. Eta akaso aipa daiteke hirugarren berezitasun bat: oso gizon gutxik idatzi dute horrela gaitzaren gainean. Esan liteke era horretako aitorpenak gehiago dagozkiola emakume bati gizon bati baino. Batez ere euskaldunon artean.

Zirrara eta babesa

Hasieratik jaso zenuen jende askoren animoa eta berotasuna. Espero zenuen?

Egia esan behar badut, ez nuen horrelako zaparradarik espero. Antza denez, artikulu horiek zirrara berezi bat eragin zioten jende askori. Horietako mordoak erabaki zuten erantzutea, animoa-eta emateko. Beste batzuk, berriz, teknologia berrien beldur oraindik, edo lotsatiagoak direlako, geratu ziren erantzun barik, nahiz eta hunkituta egon irakurritakoarekin. Niri on handia egin zidan babes hori jasotzeak, indarra eman zidan aurrera egiteko. Gaixoarentzat oso inportantea da sentitzea jende asko duela atzean, deseatzen lehenbailehen osa dadin.

Erantzun zaparrada hori gorabehera, momentu txarren batean damutu zinen zure bizitza jendaurrean erakusteaz? Zalantzarik izan duzu, aurrera jarraitu ala ez?

Ez. Behin erabakia hartuta, nik garbi nuen jarraituko nuela idazten, gaixotasunak uzten bazidan, behintzat. Beste bi eragozpen izan nitzakeen, ordea: nire familia, eta Sustatuko erredakzio kontseilua. Familiak hasieratik adierazi zidan nik nahi banuen aurrera egiteko. Eta Sustatuko lagunek ere arriskatu egin zuten, eta askatasuna eman zidaten, nahi nuena idazteko. Behin bi faktore horiek gaindituta, ez zegoen beste trabarik. Eta nire partetik, inoiz ez naiz damutu esandakoaz. Saiatu naiz garbi hitz egiten, eta hori izan da guztia.

Liburuak irakurle-mota diferenteak edukiko ditu: antzeko gaitza gertutik ezagutu dutenak, eta halakoak urrundik bakarrik ezagutzen dituztenak. Ze irakurle izan duzu zuk buruan hau guztia idaztean?

Gero eta jende gehiago dago gure artean, gaixo bat ezagutzen duena hurbiletik, laguna delako, edo familiartekoa. Nik neuk horixe ikusten dut Elorrion bertan. Nire emaztearen koadrilan hiru lagunek izan ditugu gorabeherak minbiziarekin. Eta begiak apur bat jasoz gero, nire adineko jende dezente dabil minbiziak jota. Horiek eta horien ingurukoak izan ditut gogoan artikulu sorta hori idatzi dudanean, sarri ez baitakigu nola jokatu horrelako gaitzak hurbiletik tokatzen zaizkigunean. Liburuari esker jendea hasiko balitz askeago hitz egiten minbiziaren gainean, horrengatik bakarrik, esango nuke merezi izan duela liburua idaztea.

Baikortasuna eta umorea

Une txarrak eta aldi gogorrak ezkutatu gabe baina ikuspegi baikor batez daude idatzita kronikok. Berezko ezaugarria duzu hori, ala gaitzari aurre egiteko jarrera egokiena delako aukeratu duzu?

Seguruenik, bietatik apur bat. Hasiera-hasieratik konbentzitu nintzen borroka egin behar niola gaitzari, eta horretarako ezinbestekoa nuela jarrera positiboa izatea. Gaixoak pot egiten badu, ingurukoek ere pot egiten dute. Beraz, nik ezin nuen pot egin. Hala ere, nire ingurukoek ere sekulako indarra eman didate, batez ere Bego emazteak eta Miren alabak. Gero baikortasun hori ispilatu egin da nire idatzietan, alde batetik egia delako baikortasunez bizi izan dudala gaixoaldia, eta bestetik desdramatizatu nahi izan dudalako gaia, eta horretarako zenbait unetan umorea erabili dut.

Lehen Internet-en azalduak liburu gisa dakartzazu orain. Ze alde dago medio batetik bestera? Ezertan aldatu al duzu lehen idatzitakoa?

Lehenengoa bizkorragoa da, eta hor bat-batekoak sekulako garrantzia du, gauzak gertatu ahala esan daitezkeelako. Aldi berean, Interneten elkarreragina garbiago ikusten da: zuk zerbait idazten duzu, eta irakurleak erantzun egin diezazuke; eta hor elkarrizketa bat sortzen da, oso aberatsa. Liburuak, berriz, ez du ematen aukerarik horretarako. Aitzitik, liburuak patxada eskaintzen du, lan osoa batera irakurtzeko aukera. Garbi dago oraindik zenbait jende erosoago sentitzen dela liburuarekin. Hala ere, gauza gutxi aldatu dugu batetik bestera, ez dugu-eta ezkutatu nahi izan liburu hau sarean sortu zela. Horregatik, hain zuzen, kronika bakoitzaren ostean erantsi ditugu Sustatun agertutako hainbat erantzun, adierazgarrienak.

Erantzunak

Marijo Jimenez
2005-02-25 : 10:44

Egun on denoi!!!!



Neuk liburua irakurri det eta oso ondo dago, motza baina "beteta". Merezi dau irakurtzia, benetan. Asko ikasten da ta eskertzekoa da.....Ea jende gehiau animetan holako gauzak eitten ta gainera euskeraz, gure hizkuntza maitian....



Arrasatetik besarkada bat denontzat ta espeziala nere idazle maitagarrirentzat. Eutsi goilari, Joxe!



Marijo



Aurrera Bolie!!!

Erantzun

Sartu