Sustatu logoa Teknologia albisteak

Domeinu gehien ostatatzen dituen euskal enpresa da Hostalia

Noelia Pedrero
2005-02-18 09:02

Webhosting.info aldizkariak argitaratu du ranking hori. Espainiako 25 hosting enpresa daude zerrendan, eta horietatik hiru dira Euskal Herrikoak: Hostalia (12.455 domeinu), Euskaltel (3.631 domeinu) eta Sarenet (3.485 domeinu). 24. eta 25. postuan daude Euskaltel eta Sarenet.

Espainiako zerrendako lehenengo hirurak dira Arsys, Terra eta Nominalia. Hostalia zazpigarrena da, Ya.com-en aurretik.

Hiru urtean goraka

Duela hiru urte sortu zuten Hostalia enpresa Eneko Knörr eta Gorka Valenciak. Sortzaileen arabera, enpresak izan duen hazkundearen arrazoiak izan dira Espainian egin duten apustu komertzial handia eta dituzten prezio lehiakorrak.

Hostaliak bezero mota ezberdinak ditu, hasi enpresa handietatik eta herriko webgunea egin nahi duten webmaster txikietaraino. Bezeroen artean daude Amadeus, Uralita, EHU eta Hobby Press editoriala. Hostaliaren 2004ko fakturazioa milioi bat euro ingurukoa izan da eta kopuru hori handitzea espero dute 2005ean.

Hostaliak eta bere filialak, Domitecak, 20.000 domeinu gestionatzen dituzte eta 8.000 bezero baino gehiago dituzte, gehienak enpresak. .com, .net, .org, .biz, .info eta .es domeinuak saltzen dituzte bi enpresek.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu