Teknologia albisteak
1

E-lea programa, 23 urtetik gorakoentzat

Erabiltzailearen aurpegia
20 urte dituen gazte bat
2005-02-16 : 10:02

Eusko Jaurlaritzak Hizkuntzak Internet bidez ikasteko martxan jarritako programa dela eta urtarrilaren 25ean kexa artikulu bat irakurri ahal izan genuen Sustatun (E-lea programa, bakarrik Windows sistementzat). Ni ere Hiru.com atarira sartu naiz informazio bila eta hara non nire sorpresa, ezin dut programa horretan parte hartu.

Hizkuntzak ikasteko aukera paregabea dela uste dut, eta Hiru.com-en irakurri daitekeen moduan: "Ikasteko baliabide hau Euskal Autonomia Erkidegoko herritar guztien eskueran dago, eta e-LEA programaren osagai bat da". Ez da guztiz egia. Baliabide hau ez dago guztion esku, "23 urte beterik dituzten herritarrentzat" baita.

Nik 20 urte ditut; baita hizkuntzak ikasteko interes handia ere. Baina ezin.

Nire ondorengo pausua beraiekin kontaktuan jartzea izan da, 23 urtetik gorakoentzako mugatzearen arrazoia jakiteko nahiaz. Hau da erantzuna:

Lehenik eta behin, eskerrak eman programa honetan duzun interesagatik.

E-lea programa "Etengabeko Ikaskuntza" alorreko ekimena da. Departamentu horrek hezkuntza sistematik kanpo dauden herritarrei eskaintzen die arreta berezia. E-lea programa eta hizkuntza ikastaroak martxan jarri zirenean, nonbaiten jarri behar genuen muga. Gazteek hizkuntza sisteman bertan ikasi ditzakete hizkuntzak, eta horregatik jarri zen 23 urteko muga hori. Jakin badakigu gazteagoek ere badutela interesa, baina muga nonbaiten jarri behar, eta horrela erabaki zen.

Hala ere, kontuan izan, programa hau datozen urteotan ere martxan egongo dela, eta orduan izango duzu parte hartzeko aukera.

Lehenik eta behin, eskertzekoa da erantzuna jaso izana, baina ze demontre! Zer da hezkuntza sistematik kanpo dauden herritarrei eskaintzen die arreta berezia... gazteek hizkuntza sisteman bertan ikasi ditzakete hizkuntzak esate hori? Ez al daude ba EAEn hezkuntza sistematik kanpo dauden 23 urtetik beherakoak?

Hala eta guztiz, hori ez da nire kasua, ni ikaslea bainaiz. Baina ze "hezkuntza sistematan" ikasi ditzaket 4 hizkuntza 45 eurotara? Ze "hezkuntza sistematan" ikasi ditzaket 4 hizkuntza halako ordutegi malgu baten?

Berriz diot, 20 urte ditut; baita hizkuntzak ikasteko interes handia ere. Baina ezin. Ezin dut hilero xxx euro inguru ordaintzen ibili akademia baten hizkuntza bakarra ikasten hasteko. Bestalde, atera kontuak, xxx hori 4 aldiz ordaindu behar. Gogoan izan gazteok (orokorrean) ez gabiltzala diruz soberan. "Jakin badakigu gazteagoek ere badutela interesa, baina muga nonbaiten jarri behar". Jakin baldin badakite, zer dela eta ditxosozko muga hori?

Konformatu egin beharko? Bada hala beharko, ez dakit osterantzean zer egin eta.

Erakunde publiko batetik etorritako izugarrizko proposamena dela deritzot: aprobetxatu beraz, nik ezin dudan heinean. Ea hemendik eta hiru urtetara artikulu hau ingelesez, frantsesez, alemanez edo italieraz idaztera animatzen naizen. Bitartean Gaur egungo gazteek ez dute ezertarako interesik eta honen moduko babukeriak entzuten jarraitu beharko.

Azkenik, nire Thanks, Merci, Danke eta Grazie beroenak "hiru.com - Etengabeko Ikaskuntza" saileko "mugatzaileei".

Erantzunak

Galt
2005-02-16 : 10:10

Bai, neu ere konturatu nintzen alta emandakoan. GNU/Linux erabiltzailea izanda Windows erostera, instalatzera eta erabiltzera behartzen naute.



Erabiltzen duen teknologi hori Windows sistemarentzako egina dago bakarrik, Hezkuntza Sailak kontratatu baino lehen formatu irekietan eta guztientzarako prest dagoela baloratu beharko luke.

Erantzun

Sartu