Teknologia albisteak

Euskal Material Didaktikoaren I. Topaketak. Hezkuntza Premia Bereziak.

Erabiltzailearen aurpegia
Irati Iciar - UEU
2005-02-08 : 09:02

Euskal material Didaktikoaren I. Topaketak: Hezkuntza Premia Bereziak. 2005ko martxoaren 4 eta 5ean izango dira, UEUren Ikastetxe Nagusian, Markeskoa Jauretxean, Eibarren.

Zenbait hezkuntza-esparrutan euskal material didaktikoan hutsune handiak sumatu dira eta, UEUko Pedagogia sailean, euskal material didaktikoa sortzeko edota dagoena egokitzeko beharra ikusi izan da.

Materiala sortzeko saiakera onak egin badira ere, askotan, ez dute hezkuntza-komunitatera heltzeko giltzarria topatu eta bidean geratu dira.

Horregatik pentsatu dugu Euskal Material Didaktikoaren Topaketak antolatzea. Alde batetik, Udako Euskal Unibertsitatearen eta hainbat ikastetxe, pertsona eta erakunderen indarrak biltzeko, eta, bestetik, kalitatezko euskal material didaktikoa sortzeko zubiak eraikitzeko.

Hezkuntzaren eremua zabala denez, aurtengo topaketetan hezkuntza-premia berezietako euskal materialak aztertuko ditugu, esparru honetan behar handia dagoela uste baitugu.

Helburuak:

Topaketa hauen helburu nagusia hau da: hezkuntza bereziko esparruan euskal material didaktikoaren egoera aztertzea, beharrak detektatzea eta behar horiei erantzuteko bideak zabaltzea. Aldi berean, alor honetan diharduten elkarte, erakunde eta profesionalen arteko esperientziak trukatzeko gunea sortu nahi da.

Nori zuzenduta:

Topaketa hauek hezkuntza-premia berezietan dihardutenei zuzenduta daude: Hezkuntza Bereziko irakasleei, hezitzaileei, irakasleei, begiraleei eta, oro har, gaian interesa duten guztiei.

Egitaraua:

Martxoaren 4a, ostirala.

  • 16:00 - 16:15 Topaketen aurkezpena. Lore Erriondo, EHUko Hezkuntza teoria irakaslea eta UEUko kidea.
  • 16:15 - 17:30 Egoeraren azterketa.
  • 17:30 - 18:00 Galdekizunaren emaitzak.
  • 18:00 - 18:30 kafea
  • 18:30 - 19:30 Talde-lana: beharrak detektatzeko tailerra.

Martxoaren 5a, larunbata.

  • 9:30 - 10:30 Euskarazko testak aztertzen. Nekane Balluerka, EHUko Psikologia fakultateko dekanordea eta UEUko kidea.
  • 10:30 - 12:00 Esperientzia-trukaketa.
  • 12:00 - 12:30 kafea
  • 12:30 - 14:00 Talde-lana: etorkizunerako bideak.
  • 14:00 –14:30 Ondorioak.

Oharra: gehienez 50 pertsona onartuko dira.

Esperientzia trukaketa

Topaketa hauek antolatzerakoan, UEUko Pedagogia sailaren helburuetako bat izan da hezkuntza-premia bereziei buruzko euskarazko esperientziak aurkeztea eta elkarri trukatzea. Horretarako, ezinbestekoa da zuen parte-hartzea egunerokotasunean sortu eta erabiltzen dituzuen materialak aurkeztuz eta azalduz. Ikasgelan edo hezkuntza-egoeretan burututako esperientziak aditzera ematera animatzen zaituztegu!

Zerbait aurkeztu nahi baduzu, aurrez jakinaraztea eskertuko genizuke: pedagogia@ueu.org helbidera edo 943821426 telefonora (Ireide).

Aurrerantzean...

Topaketetan antzemandako hutsune eta beharretatik abiatuta, UEUko Pedagogia sailak mintegi iraunkorra osatzea proposatzen du.

Zertarako mintegi iraunkorra hezkuntza-premia berezien esparruan?

  • Topaketetan detektatutako beharrei erantzuteko.
  • Euskarazko materialak sortzeko eta hezkuntza-komunitatera zabaltzeko.
  • Elkarte, erakunde eta profesionalen esperientzia, informazioa eta elkarlana ahalbidetzeko.

Matrikulazioa eta informazio gehiago: www.ueu.org

Erantzun

Sartu