Behatokia: Hizkuntz eskubideen aipurik ez Europako Itun Konstituzionalean
2005-02-03 18:02
Paul Bilbao Behatokiko zuzendariak eta Arantza Haranburu Behatokiko kudeatzaileak Bilbon egindako agerraldian egin dituzte adierazpenok.
Haranbururen hitzetan desoreka handia da, izan ere Europan 60 hizkuntza komunitate dagoela esan ohi da, baina Itunean 21 besterik ez dira agertzen hizkuntza ofizial gisa. Batasunaren definizioari dagokionez errespetuak ez du inolako oinarri juridikorik eragiten, ezta hizkuntza politikak abian jartzeko beharrik ere.
Paul Bilbao Behatokiko zuzendariak Behatokiak atera dituen ondorioak eta gabeziak gainditzeko proposamenak agertu ditu:
- Ezinbestekoa da hizkuntza eskubideak jasotzea, bereizkeriarik eza bermatzeko beharrezkoa baita.
- Aniztasunaren definiziorik ez dago; ondorioz zaildu egiten du hizkuntzen beharrei erantzutea eta plangintza egokituak egitea. Aniztasunaren definizio orekatua eta erreala jasotzea beharrezkoa da, berezko hizkuntzen artean hierarkiarik egon ez dadin.
- Hizkuntza erabiltzeko eskubidea 21 hizkuntzatara mugatzen da; beraz, euskal herritarren hizkuntza eskubideen urraketa legez arautzen da.
- Hizkuntzari status ofiziala ez esleitzeak normalizazioa galgatu edo geldi dezake.
Txosten osoa behatokiaren webgunean.
Erantzunak kargatzen...