Alaitz Sarasola ordiziarrak eskuratu du lehiaketako lehen saria. Gurutzegrama eta maitasunaren artean egiten duen konparaketa nabarmendu du epaimahaiak. Bigarren saria Nahikari Gabilondo zarauztarrak lortu du eta Bergarako Onenaren saria Iosu Aranzabalek. Irakurle gazteen saria Oiartzungo Goiatz Labandibarrek eskuratu du. Azkenik, Miren Rubio lesakarra izan da SMS bidezko III. Maitasun Mezuen Lehiaketaren irabazlea.
Bergarako Jardun Euskara Elkarteak antolatutako lehiaketaren sari banaketa otsailaren 14an egingo da, San Valentin egunean. Sari banaketan irabazleek euren gutunak jendaurrean irakurriko dituzte. Bitartean, gutunak irakur ditzakezu Jardun elkartearen webgunean: www.jardun.net
Irabazleak
- 1. saria (450 euro): Alaitz Sarasola (Ordizia, 25 urte).
- Argumentua: Trouvilleko hondartzatik idazten dio gutuna bere Danel maiteari. Oporretan dago bata, lanean bestea. Toailan etzanda eta denborapasen liburua aurrean duela ekiten dio gutuna idazteari, gurutzegrama osatzeko behar dituen hitzak gutunaren hariaren zerizana bihurtuz.
- Epaimahaiaren iritzia: Gurutzegrama eta maitasunaren artean egiten duen konparaketa nabarmendu du epaimahaiak. Egunerokotasuna ez lantzeak dakarzkigun ahazturak berreskuratzen ditu eta horrek egiten du erakargarri gutuna. Maitasunari hurbiltzeko modua orijinala eta berria izateaz gain, maisuki eta xamurtasunez idatzita dago; irakurterraza da, gutun borobila. Maitasuna edozein tokitan egon daitekeela ezkutatuta frogatzen digu, betiere bera aurkitzen ahalegintzen bagara behinik behin.
- 2. saria (240 euro): Nahikari Gabilondo (Zarautz, 27 urte).
- Argumentua: Berrogeita hamar urte elkarrekin bizi izan ondoren, ausartu da Tomas udazkeneko goiz batean bere emazte Maria Pilarri biziki maite duela hitzez aitortzen.
- Epaimahaiaren iritzia: Oso ondo idatzita dago, irakurterreza da eta erakargarria era berean. Benetako sentimenduak agertzen dira; gizonezkoaren barrunbea oso ondo adierazten du egileak. Testuingurua eta giroa maisuki azaltzen du eta horrek aberastu egiten du gutuna, sinesgarri bihurtuz.
- Bergarako Onena (150 euro): Iosu Aranzabal (Bergara, 22 urte).
- Argumentua: Institutuan ezagutu zuen neska hari gutuna idazteko beharra sentitzen du tristezia eta malenkoniak bultzatuta. Bere garaian ez zen sentitzen zuen hura lagunari adierazteko gauza izan eta oraingo honetan bere barruak hustutzea erabaki du, oroitzapen guztiak askatuz.
- Epaimahaiaren iritzia: Ausarta eta sinesgarria. Era berean arina eta sakona. Erdarakadak eta akatsak era aproposean erabiltzen ditu.
Epaimahai nagusia
- Asier Serrano
- Ana Urkiza
- Modesto Arrieta
Epaimahaiaren iritzi orokorra
Aurkeztutako lanen kalitateari dagokienez, hainbeste idazlanen artean denetik dagoela azaldu dute, baina saritutako lanek eta baita finalistenek ere benetan maila bikaina dutela adierazi dute.
Ikus-entzunezkoen eragina nabarmena da gutunen gai eta tratamenduari dagokionez; telebista eta filmen ereduak segitzen dituzte gehienek. Topikoz beteta daude gutunak, baina benetan orijinalak direnak ere badira eta horiek baloratu dituzte bereziki. Gutunak idaztearen zailtasuna nabarmendu dute, ez baita erreza labur-labur ideia borobiltzea.
Irakurle gazteek 26 urtetik beherako onenari emandako saria (100 euro)
- Goiatz Labandibar (Oiartzun, 19 urte).
- Argumentua: Erbestean dagoen errefuxiatuak esperantzaz betetako gutuna idatzi dio bere maiteari. Urte Berriari bere herriarentzat askatasuna eskatzen dio, horrek emango baitio bere maitearekin berriro elkartzeko aukera. Bere ametsak aurki egia bihurtuko direla sinistu nahi du.
- Epaimahaiaren iritzia: Ondo idatzitako gutuna izateaz gain, gutunaren mezu positiboa nabarmendu du epaimahai gazteak.
- Epaimahai gaztea: Bergarako ikasleak: Jone Fernandez, Janire Lazkano, Gorka Artola, Naiara Etxaniz, Maite Errarte eta Miren Lizarazu.
Partaidetza
Aurtengoan 72 gutun. (1.915 gutun azken 13 ediziotan)
- Aurtengo edizioan, emakumezkoen partaidetza altua izan da: % 64a.
- Bergaratik 6 gutun, Debagoienetik 15, Gipuzkoatik 45, Bizkaitik 16, Arabatik 3, Nafarroatik 6, eta Bartzelonatik 2.
- Batezbesteko adina: 25 urte.
- Postaz: % 55a; e-postaz: % 45a.
SMS bidezko III. Maitasun Mezuen Lehiaketa
- 1. saria (90 euro): Miren Rubio (Lesaka, 19 urte): Esan nahi ezin dena esan nahi dizut, baina laburtuz, maite zaitut.
- Epaimahaiaren iritzia (Bergarako ikasleak): Oso estilo desberdinetako mezuak iruditu zaizkie, batzuk oso serioak eta beste batzuk oso dibertigarriak. Laburduraz agertzen ziren mezu batzuk ulergaitzak iruditu zaizkie. Azkenean, motza eta zehatza dena saritzea erabaki dute.
- SMS bidezko 42 mezu jaso dira aurten eta batezbesteko adina 23 urtekoa izan da.
Argibide edo informazio gehiago nahi izanez gero honako telefonora deitu daiteke: 606 526 810.
Nik idatziriko "Ana Beleni" maitasunezko eskutitzari buruzko zuen iritzia jaso nahiko nuke.
Mila esker.
Marisa