Teknologia albisteak

Erakusleihoa: 2005eko urtarrila-apirila

Erabiltzailearen aurpegia
Ernest Lluch-Amarako Kultur Etxea
2005-01-25 : 09:01

2005eko urtarrila-apirila bitarteko emanaldiak lotu ditugu. Urtarrilaren 28an, Mugaldekoak. 19:30etan. Ernest Lluch-Amarako Kultur Etxean. Doan.

Hurrengo hilabeteetan toki, ordu eta prezio berean, Iban Zaldua-Jabier Muguruza-Roberto Yabén, Gaizka Sarasola eta Zura taldea pasako dira.

2004ko urte hasieran abiatu zen Erakusleihoa. Jarraipena izan zuen 2004ko udazkenean

Bi hitzetan esateko: arte adierazpen ezberdinak lotzen dituzten sortzaileek formatu txikiko ikuskizunak jendaurrean ezagutzera ematea du egitasmo honek helburu. Hilean behin, arratsaldeko 19:30etan, Ernest Lluch-Amarako kultur etxearen areto nagusia proposamena hauek aurkezteko zabaltzen dugu.

2004an zehar Uztail Oparo Ostean (Harkaitz Cano, Igor Calzada eta Oianko Txoperena), Tüsüri, Tzesne, Esqalera poésika, Xabier Erkizia, Pako Aristi eta Yolanda Castaño pasa dira.

2005ari hasiera emateko, urtarrilaren 28an Mugaldekoak hirukotea arituko da gurean, Poemak, kantuak eta kantupoemak emanaldiarekin. Egitasmoak Edu Zelaieta poetaren bigarren liburua du abiapuntu, Mugaldekoak (Susa, 2004). Hala ere, letrak, poemak, liburutik aterako dituzte. Poemak, kantuak eta kantupoemak mugaldeko folk-pop eta country musikarekin batean. Taldea Beñardo Goietxek (gitarra) eta Raul Garciak (harmonikak, zerra, ahotsa) osatzen dute.

Otsailaren 25ean, berriz, beste hirukote bat: Iban Zaldua, Jabier Muguruza eta Roberto Yabén. “Itzalak” ipuin liburua argitaratu du Zalduak berriki (Erein, 2004). Jabier eta Robertoren musika lagun liburu hori izango du irakurgai Ibanek. Bertan Muguruza idazlearen ipuinak ere irakurriko dira.

Martxoaren 17an Gaizka Sarasola musikari eta antzerkilari lesakarra izango da gonbidatua. Iaz Ixuriak izeneko diskoa argitaratu du berak. Disko horretan Xabier Erkiziak hartu du parte. Ez du diskoaren aurkezpena egingo, baina emanaldiari ere Ixuriak deitu dio. Euskal folklorearen zainetatik eta bertako tradizio musikaletik abiatuta, ideien, sentsazioen eta oroitzapenen ixuri gisakoak izan nahi duten doinu eta hitzak gure belarrietan zabaltzen joango dira, gure inguruan ditugun soinuen eta giroen inguruan jolas eginez.

Urteko lehenengo zatiari amaiera ematea Zura taldeari egokituko zaio. Eta hori apirilaren 21ean izango da. 2005eko otsaila-martxoa aldean kalean egongo da "Ilargi Handi Zauri Zarae" diskoa (Potxo-Psylocibina, 2005). Lauaxetak 1935ean euskaratutako Lorcaren poemak musikatzeko proiektua jaso zuten eta hori da egin dutena. Taldeak aurkezten duen ikuskizunak disziplina desberdinen artean zubiak eraikitzea du helburu. Lorca eta Lauaxetaren artean sortutako harreman literarioa taularatuko da, antzerkia, musika, poesia, pintura eta arte bisualak uztartuz. Martxel Mariskal, Anjel Etxebeste, Diego García, Xabi Strubell eta David Martínez dira talde honetako partaideak. Ikuskizunean gonbidatu gehiago eta sorpresak egon daitezke.

Erantzun

Sartu