E-lea programa, bakarrik Windows sistementzat
Ba hori, sartu naizela www.hiru.com barruan, eta bertan dagoen demoa ikusi nahi nuen. Demoa ikusi aurretik, sistemak ordenagailua aztertzen du, ea konpatiblea den instalatu behar diren programekin.
Ba ez lagunok, nire ordenagailua ez da konpatiblea. Zer dela eta? Ba Windows sistemak bakarrik direlako konpatibleak, eta bertan ateratzen den txostenak dioenez, gainera MS Explorer erabili behar da.
Badirudi ezaugarri hauek Tell Me More programak behar dituela, hizkuntzak ikasteko Eusko Jaurlaritzatik aukeratu duten programak.
Niretzat oso ondo dago hizkuntzak ikasteko ematen zaigun aukera hau. Nire asmoa, lizentzia bat erostea zen. Baina ez det ulertzen zer dela eta erosi eta instalatu behar dudan Windows nire ordenagailuan aukera hau erabili ahal izateko. Gutxiago oraindik, zer dela eta erabili behar dudan hainbeste segurtasun arazo dauzkan MS Explorer nabigatzailea.
Hiru.com-en hau jartzen du: "Ikasteko baliabide hau Euskal Autonomia Erkidegoko herritar guztien eskueran dago, eta e-LEA programaren osagai bat da". Ez da egia. Hau ez dago guztion esku, bakarrik "Euskal Autonomia Erkidegoko herritar eta MS Windows sistemen erabiltzaileentzako" da.
Hau ere esaten du: "Lizentziaren prezioa, hizkuntza guztiak ikasteko balio duena, 45 eurokoa da". Ez da egia, MS Windows sistemaren prezioa gehitu egin behar zaio (MS Windows 2000 Profesional sistemaren prezioa gaur bertan: 324,83 euro).
Aspaldian aldaketak ikusten ari ginen: www.euskadi.net, www.gipuzkoa.net, www.hiru.com eta abar, webgune publikoak eta gainera web estandarrak jarraituz egin direnak, edonork edozein sistematik, edozein nabigatzailetik erabiltzeko prestatuak, gauzak behar den bezala eginez.
Bazirudien erakunde publikotik aldaketak zetozela. Hau nire ustez, atzera pauso handi bat da.
e-lea programaren arduradunei eskaera: mesedez, honelako zerbitzu berriak martxan jartzerakoan, izan itzazue kontutan web estandarrak, ez produktu konkretuak. Hori eginez gero, estandarrak betetzen dituzten produktuak erabiltzen ditugunok ez gara baztertuak sentituko.
Erantzunak kargatzen...