Teknologia albisteak
2

Korrikaren bekatua

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi - Sustatu-Egunen harian
2005-01-24 : 13:01

Atzo, igandea, hilak 23, Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatu zen "Euskararen 7 bekatu nagusiak" antzezlana, II. Korrika-AEK bekari esker Aizpea Goenagak idatzi eta Olatz Beobide-Edi Naudok zuzendua. Donostian estreinatu baina, 14. Korrikarekin batera, Euskal Herriko hainbat txokotan eskainiko dute datozen asteetan.

Obra gustagarria da Pok produkzio-etxeak taularatu duen hau: soila, baina atseginez ikusten dena. Taula gainean hiru aktore: Lierni Fresnedo, Mikel Laskurain eta Niko Lizeaga. Eszenografia, Edi Naudok egina, sinple baina dotore eta funtzionala, giro desberdinak iradokitzeko aproposa. Obraren mamia, berriz, esketx sorta bat, zazpi bekatu nagusien ingurukoa, euskararerekin loturik betiere.

Haragikeria, inbidia, harrokeria, tripazainkeria... zerikusirik ba al dute horiek denek euskararekin? Bekatuari buruzko trataturik ez dago hemen, noski, gehiago da denbora-pasa alai bat, irribarrea pizteko, geure buruaz eta auzokoaz barre apur bat egiteko.

Bergarako enpresari aprobetxategi bat ikusiko dugu, Pirinioetan Xiberolandia parke tematikoa antolatu nahi duena, euskal esentziak gordetzeko, eta artzain zuberotarrari terrenoa erosi behar; edo 6. maila egokitzen zaion arren alfabetatze taldera igaro nahi duen euskaltegiko ikaslea, hitanoak sexualki kilikatzen duela-eta; edo gizartearen axolariz ezaz erretxindutako idazlea...

Deskubrimendu bat

Arin doa antzezlana, eta sumatzen da arinago joango dela hurrengo emanaldietan, antzezleak bere rolekin eta jokalekuarekin ohitu ahala. Aktoreen lanari dagokionez, Mikel Laskurain bere ohiko estilo lau eta freskoan ari da; Niko Lizeaga, beti profesional, estilo desberdinetara azkar egokituz; baina benetako ustekabea, niretzat behintzat, Lierni Fresnedo izan zen: ezagutzen ez nuen aktorea –Ur taldean aritu omen da urtetan, erdaraz beraz– eta egundoko talentua erakutsi zuena.

Gainerakoan, ofizioa frogatua duen jendea arduratu da atrezzoaz, jantziez, musikaz eta abarrez; aitzakiaren bat jartzekotan, esketxen artean ematen dituzten bideo irudiek ez dut uste bere funtzioa betetzen dutenik, esandakoa ez baitzen batere ongi entzuten. Bestalde, esketxen pilaketaz gain guztia bilduko zuen egitura bat eskertzekoa izango zen, baina ezin ba dena eskatu.

Beraz, Korrika kulturalaren ekitaldien barruan baleko eskaintza bat, tarte on bat pasatzeko.

Erantzunak

Maider Arregi
2005-01-24 : 14:07

> Atzo, igandea, hilak 23, Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatu zen "Euskararen 7 bekatu nagusiak" antzezlana, II. Korrika-AEK bekari esker Donostian estreinatu baina, 14. Korrikarekin batera, Euskal Herriko hainbat txokotan eskainiko dute datozen asteetan.


.....
Donostia Kulturalaren barnean, ondorengo egun eta herrietan izango da ikusgai "Euskararen 7 bekatu nagusiak" antzezlana :


Egitaraua


Urtarrilak 23, Donostia, Antzoki Zaharra


Urtarrilak 29, Altsasu, Iortia kultur gunea


Otsailak 7, Bilbo, Arriaga


Otsailak 10, Getxo, Getxo antzokia


Otsailak 11, Andoain, Bastero kultur gunea


Otsailak 23, Gasteiz ,Printzipal antzokia


Otsailak 25, Elorrio, Arriola


Martxoak 4, Iruñea, Antzerki eskola


Martxoak 5, Azkoitia, Baztartxo antzokia


Martxoak 6, Luhuso, Herriko gela


jon
2005-01-24 : 19:19

Ados nago Lierni Fresnedori buruz esandakoarekin; gutako inork ere ez genuen ezagutzen eta antzokitik ateratzerakoan gure lehenbiziko komentarioak berarentzat izan ziren. Aupa Lierni!

Erantzun

Sartu