Gaindegia, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia, aurkeztu da. Gaindegiaren sortze helburuak Euskal Herriaren eraketa eta garapenari begira jarrita daude. Bi webgune aurkeztu dituzte: Gaindegia.org eta Datutalaia.net .
Gaindegiak (www.gaindegia.org) jatorri eta izaera desberdinetako eragileak bildu nahi ditu. Profesionalak, enpresariak, unibertsitarioak, sindikalgintzakoak, hedabideetakoak eta herrigintzako beste sektore batzuetakoak elkartu dira proiektu hau abian jartzeko.
Xabier Isasi GAINDEGIAko lehendakariak, honela zehaztu du xede nagusia: Errealitate sozio ekonomiko nazionala abiapuntu, Euskal Herriko sozio ekonomia esparru zabala bizitzea eta biziberritzea, eraketarako zein garapenerako ildo nagusiak aztertuz eta aurrera urratsak egitea ahalbidetuz.
Gaindegiaren sortze-helburuak hiru alor nagusietara laburbiltzen dira: 1) Egoeraren azterketa, 2) loturak sortu, sareak eratu, 3) Informazioa hedatu eta eztabaidak sustatu.
Webgunea hau da: www.gaindegia.org
Zenbat udalerrik osatzen du Euskal Herria? Zenbat biztanle dago? Zein da langabetuen kopurua? Zeintzuk dira Euskal Herriko sozio-ekonomiaren esparruan daturik esanguratsuenak? Nola gaude Europako estatuekin alderatuz?
Askotan horiek eta tankera horretako makina bat galdera burura datozkigu. Gehienak erantzunik gabekoak. Nor garen dakigulakoan zer garen oraindino ez dakigu. Datu batzuk badaude egon, jakina, baina horiek ere estatistika zerbitzu desberdinetan sakabanaturik han-hemenka, antolatu gabe.
Zalantza horiek gainditzeko Gaindegia ekimenaren barruan Datu Talaia, datu bilgunea sortu da.
Euskal Herriko datuen TALAIA proiektua gabezia hori gainditzera dator. Iturri estatistiko sakabanatu horietan arakatuz eratu da TALAIA.
Euskal Herria osoagoa, berriagoa eta kohesionatuagoa ahalbidetu nahiean sortu da.
Euskal Herriaz hitz egin nahi duen ororentzat informazio zehatza, kalitatezkoa, kontrastatua eta osoa eman nahi da. Baina hitz egitetik harago Euskal Herria artikulatu, osatu eta garatu nahi dutenentzako tresna eraginkorra izateko sortu da Euskal Herriko datuen TALAIA.
Momentuz gaiak lau dira:
Informazioa formatu ezberdinetan eskaintzen da (taula estatistikoak, grafikoak, mapak), aukera ezberdinekin, eremu ezberdinetan (Euskal Herria, Herrialdeak, Eskualdeak, Udalerriak) eta lau hizkuntzatan eskaintzeko asmoa dago: euskara, frantsesa, ingelesa eta gaztelania.
Webgunea hau da: www.datutalaia.net
Behingoz, zimentuak jartzera datorren egitasmoa. Zenbat aldiz hasi nahi izan den etxea eraikitzen teilatutik! Superegiturak behar dira, baina ez dute balio ez badago azpiegiturarik eta barnegiturarik. Zorionak eragileei!