Sustatu logoa Teknologia albisteak

Euskal Unibertsitatea EGINEZ Mintegia

Euskal Unibertsitatea EGINEZ

Euskal Unibertsitatea EGINEZ

Asko gara Euskal Unibertsitatea beharrezkoa izateaz gain, egingarria dela sinesten dugunok. UEUk Euskal Unibertsitateari buruzko eztabaida laguntzeko Euskal Unibertsitaterantz Mintegia antolatu zuen Iruñean 1992ko udan. Bertan behin eta berriro azaldu zen, ordea, Euskal Unibertsitateren definizioaren beharra. Ondoren, hainbat esperientzia eta urrats izan dira proiektu hau errealitate bihurtzeko bidean, J.M. Barandiaran eta Ikasgu Nagusia egitasmoen diseinuak, besteak beste. Aurrera egin ez zuten arren, zera azpimarratu nahi dut: Euskalgintzako hainbat eragilek bat egin genuen Euskal Unibertsitatea gauza dadin. Eta ez da azkenekoa izango, gizarteak behin eta berriro ari baita behar hori asetzeko gogoa aldarrikatzen. Euskal Unibertsitatearen Sustapen Batzordeak (EUSB) azaroan abian jarri zuen Euskal Unibertsitatea EGINEZ Mintegia. EUSBk sortutako txostenak Eztabaida-Sarean eztabaidatzen ari gara, eta ondorioak biltzeko urtarrilaren 22an elkartuko gara UEUren Ikastetxe nagusian, Eibarko Markesko jauretxean. Arlo akademikoan, soziologikoan, ekonomikoan zein juridikoan txosten bana landu dugu, beti ere esparruko hainbat eragilerekin batera.

Lerro hauetan esparru akademikoan egindako ekarpena azpimarratu nahi dut, bertan Euskal Unibertsitatearen definizioa landu egin baita, hamahiru urte hauetan izandako hutsune horri erantzun nahian. "Zer da Euskal Unibertsitatea?" galderari erantzun nahi diogu behin-betiko. Euskal Unibertsitatearen izanaz eta izaeraz oinarri-oinarrizko ezaugarriak azalerazten saiatu gara, beharrezkoa ikusten baitugu horien inguruko adostasun zabala Euskal Unibertsitatearen proiektuan aurrera egin ahal izateko. Orrialde bakar batean horiek guztiak garatzea ezinezko denez, aipatu besterik ez dut egingo:

  • Euskaldunen unibertsitate eleanitza
  • Euskararen hizkuntza komunitatea eratzeko eta garatzeko erakundea.
  • Gizarte-parte hartzekoa, herriaren zerbitzura eta demokratikoa.
  • Euskal Herriaren eraketa politiko sozialerako lagungarria.
  • Europako unibertsitate esparruan homologagarria.

Ezaugarri horiek banan-banan aztertu eta adostuko ditugu urtarrilaren 22an, Euskal Unibertsitatearen proiektu akademikoaren oinarriak izango dira eta.

Eragileekin batera

UEUtik harago doan egitasmoa izanik, irakaskuntza, euskalgintza, kulturgintza, herri- erakundeetako zein enpresa-munduko eragileekin batera ari gara. UEUk bere II. Kongresuan erabaki bezala, Euskal Unibertsitatea sortzeko ardura bere gain hartu bada ere, argi dago gizarte osoaren egitasmoa izan behar duela, edo ez dela izango. Egundoko ahalegina egin dugu, beraz, ahalik eta eragile gehien parte hartzeko. Ehun pertsonak eman dute bertan parte hartzeko izena.

Euskal Unibertsitatea sortzeko zeregina

UEUren II. Kongresuak fase berri honetan kokatu gaitu. UEUk Euskal Unibertsitatea sortzeko zeregina bere gain hartu du, eta horretarako bi elementu berri sortu, Zuzendari Ondokoa eta Euskal Unibertsitatearen Sustapen Batzordea. Honen xedea Euskal Unibertsitatea sortzeko prozesua diseinatzea da. Hartutako konpromezuari eutsiz, datozen urteetako ibilbidean eta proiektu honekin bat datozen sektoreekin elkarlanean, UEUk aldarrikapenetik harago joan eta horiek gauzatzearen alde egingo du.

Abiapuntua: Eginez Mintegia

Honen guztiaren abiapuntua izan nahi du Euskal Unibertsitatea Eginez Mintegia. Euskal Unibertsitatea egingarria dela sinesten dugu eta norabide horretan jarri gara lanean. Beharrezkoa ikusten genuen, ordea, Euskal Unibertsitatea egingarria eta bideragarria den agerian utziko duen azterketa egitea. Gure ustetan, abiapuntu ezin hobea izango da aurrerago urrats sendoak eman ahal izateko. Euskal Unibertsitatearen inguruko diagnosi bateratua eginda, bestelako galderei erantzuteko prest egon behar dugu: ze bideak daude gauzatu ahal izateko? Proiektu honetan sinesten dugun eragile guztion bilgunea izango den Euskal Unibertsitatearen Patronatua izango dugu hurrengo urratsa, berari egokituko baitzaio urrats praktikoak emateko ardura. Gure esku dago.

Patxi Lopez Abasolo

UEUren Zuzendari Ondokoa

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu