Sustatu logoa Teknologia albisteak

Ordenagailuetako hamar diseinu erroreak

Sustatu
2005-01-21 08:01

Bruce Tognazzinik iraunkorrenak diren hamar software diseinu errore handienen zerrenda egin du bere webgunean. Ez dira zorigaiztoko erroreak, baina bai haserregarriak. Nor ez da haserretu ordenagailuan lan bat egiten ari, argia joan eta lan guztia galdu duenean? Bada, hori da Tognazzinik aipatzen duen erroretako bat.

Tognazzinik zehatzago azaltzen ditu The 10 Most Persistent Design Bugs artikuluan eta alternatiba batzuk ere ematen ditu.

  • Argia joatea: ordenagailua, milisegundu bat bada ere, elektrizitaterik gabe gelditzen bada, gorde ez duzun guztia pikutara joango zaizu.
  • Mac OS X-en mahai-gainekoa: bederatzi akats omen daude dockean. The Top 9 Reasons the Dock Still Sucks-en aurkituko dituzu denak.
  • Menuko aukerak desagertu egiten dira: diseinugileek moduren bat asmatu beharko lukete erabiltzaileek jakiteko zergatik ez dagoen erabilgarri menuko aukera bat eta berriz aktibatzeko.
  • ASCII kodea erabiliz ordenatzea: 2008ko abenduaren 15a 1900eko urtarrilaren 2a baino lehenago gelditzen da.
  • URLen izenak: nabigatzaile askok ez dute uzten erabiltzen hutsuneak edo karaktere bereziak web helbideetan. Beste batzuek, aldiz, karaktere edo hutsune horiekin gauza okerrak egiten dituzte.
  • Zuk egin lana niregatik: erabiltzaileak berak nahi duen formatuan sartu beharko lituzke datuak webgune batean eta ez programatzaileak aukeratu duen formatuan.
  • Disko-unitateko nazia: disko-unitateak indarrez deskonektatzea desegokia da.
  • Komertzio elektronikoaren etsaikeria: Internetez erosketak egiteko gune batzuetan zailtasunak besterik ez dituzte jartzen bertan erosteko.
  • Inteligenteak ez diren funtzio "inteligenteak": erabaki okerrak hartzen dituzte askotan.
  • Gunez aldatzea abisatu gabe: bazaude, adibidez, zerbait idazten eta bat-batean leiho bat agertzen zaizu beste kontu batekin. Zuk erreakzionatu eta leihoa kendu baino lehen, auskalo zein teklari eman diozun eta zer onartu duzun.

Tognazzinik dio urte askoan daudela errore hauek eta programen garatzaileek ez dutela ezer egin horiek konpontzeko.

Hamar horiek gutxi batzuk besterik ez dira, The Ask Tog Bug House atalean 120 errore baino gehiago bildu ditu.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu