Teknologia albisteak

Softwaregintzaren gaineko bilkura apirilean

Erabiltzailearen aurpegia
Ainhoa Latatu - UEU
2005-01-14 : 12:01

IEB2005, Informatikari Euskaldunen V. Bilkura, apirilaren 22an izango da Donostiako Miramon Digitalekin batera.

Gai nagusia, oraingoan, Softwaregintzaren erronka berriak izango da. Web zerbitzuak, segurtasuna aplikazio informatikoetan, osagaien bidezko programazioa, eta abarri buruz hitz egiteko, hizlari aditu eta arituak izango ditugu gure artean egun horretan, bosgarren bilkura honen egitaraua osatzeko.

Hitzaldiak ez ezik, azken aldian garatu diren aplikazio berriak bilkurako parte hartzaileei azaltzeko aukera ere izango da. Beraz, euskarazko softwarea ekoizten baduzu, bilkuran parte hartzeko gonbidapena luzatzen dizugu. Produktuak ahoz aurkeztu beharko dira horretarako antolatuko dugun saio berezian. Proposamenak bidaltzeko azken eguna: 2005-02-18.

Egunari bukaera emateko, berriz, software jabedunetik software librerako bidean dauden arazoak jorratuko ditugu mahai-inguru erakargarri batean.

Gai nagusia hori izanik ere, informatikan euskaraz jarduteak berarekin dituen bestelako gorabeherek ere izango dute lekua jardunaldiko mintzagaien artean. Informatikaren inguruan gabiltzanok –softwaregile eta erabiltzaile, ikasle eta irakasle, teknikari, eta beste– bildu, elkarrekin eguna eman, eta komun ditugun arazoei erantzun eguneratu bat bilatzen saiatzea dugu, bada, helburu nagusia.

Bilkuraren inguruko informazioa hemen jasoko duzu

Erantzun

Sartu