Gero eta neska gutxiago Informatikan!
Datuak argi eta garbi daude. 1980ko hamarkadan neska eta mutilen kopuruak berdintsuak izaten ziren fakultatean; areago, 1986-87 ikasturtean matrikulatutako nesken kopurua mutilena baino altuagoa zen. Gaur egun nesken portzentaia %22,9 da, hau da, neska bakoitzeko hiru mutil baino gehiago dago. Gainera portzentaia hori gero eta txikiagoa izango da kontuan hartuz aurten sartu berri diren ikasleen artean neskak %18 baino ez direla. Eta zein dira gainbehera horren arrazoiak?
1) Ingeniaria gizonezkoa izan behar omen da.
Gure lehenengo hipotesia ingeniaria hitzarekin lotzen dugu. Nonbait, hitz hori ez da neutroa, eta badirudi mutilak erakarri, baina neskak uxatu egiten dituela. Guk horrela interpretatzen dugu nesken portzentaiaren gainbehera, 1995etik aurrera ikaragarri azeleratu zena. Eta zer gertatu zen 1995ean? Urte horretan berrantolatu egin ziren informatikako ikasketak, eta ordura arte Informatikan Lizentziatu zena Informatikan Ingeniaria bihurtu zen. Badirudi lizentziatu hitza entzutean irudi neutroagoa hartzen dugula, matematikekin edo zientziekin gertuago egon daitekeen zerbait, eta ikasketa horietan beti aritu da neska gehiago. Baina karreraren izen-aldaketa horrek fakultateko irakasgaien edukiak ez zituen aldatu, edukien %90 edo, mantendu egin baitzen. Ingeniaria hitza tituluan sartu zenetik, zergatik baztertu zuten informatika ikastea neska askok?
2) Informatikaria = "makinitas" ?
Bigarren hipotesia ofizioaren estereotipoarekin lotzen dugu. Badirudi informatikaria esaten dugunean burura datorkigun estereotipoa "makinitas"-arena dela: egunero hainbat ordutan, eta etenik gabe, pantailara begira, teklatuaren aurrean jo eta ke ibiltzen den pertsona, alegia.
"Makinitas" delako horrek, bitxikeria ñimiñoena lortzeko hainbat komando eta tekla-konbinazio guztiak dakizkiena, edozein programa bere parametro ezkutu guztiekin instalatzen dakiena, edozein matxura konpontzen dakiena. Eta hara! Nork ezagutzen du neska "makinitas" bat? Oso gutxi dira horrelakoak.
Baina kontua da estereotipo hori betetzea ez dela ezinbesteko baldintza informatikari baten zeregina taxuz betetzeko. Hain zuzen ere informatikari batek jakin behar du nola antolatu konputagailu-sistema enpresa batean edo instituzio batean, informatikari batek jakin behar du aplikazio informatiko oso bat diseinatzen eta martxan jartzen, baina informatikari batek ez ditu ezagutu behar programa guztien trikimailu denak eta ez du pantailari begirik kendu gabe bizi behar. Diseinua buruarekin egiten da eta ez teklarekin halabeharrez. Neska "makinitas" gutxi ezagutzen ditugu, baina diseinu informatiko bikainak egiten dituzten neska ugarik ikasten du fakultate honetan.
Gure irakasle esperientziak dio neskek eta mutilek berdin ikasten dutela informatika. Baina usteak edo estereotipoak direla eta, gero eta neska gutxiago sartzen direla horrelako ikasketetan. Usteak ustel! Eta bitartean gizarte honek balizko hainbat neska informatikariren ekarpena galdu du.
Hau guztia planteatzen dugu emakumeek kontuan har dezaten informatika esparrua haien eskura dagoela, lehen bezala. Gainera uste dugu emakumeen presentzia esparru guztietan lortzea oso garrantzitsua dela.
Erantzunak kargatzen...