Teknologia albisteak
1

Berbaldiak Elorrion: "Euskal komunikabideen arteko foroa behar da"

Erabiltzailearen aurpegia
Usoa Agirre - Goiena
2004-12-16 : 10:12

"Euskal komunikabideak bidegurutzean" izenburupean, hedabideen arloko hainbat profesionalek berbaldia egin zuten Elorrion asteartean. Koldo Ordozgoiti, Jose Inazio Basterretxea, Idurre Garcia eta Mikel Irizarrek egin zuten mahainguruan zera ondorioztatu zuten: euskal komunikabide guztien arteko foro bat beharrezkoa dela indarrak komunean jarri eta helburuak batzeko.

Koldo Ordozgoiti, Jaurlaritzaren Kultura Saileko prentsa aholkulariarekin batera, Jose Inazio Basterretxea, EHUko irakasleak eta Idurre Garcia, Durangaldeko Herri Komunikabideak-eko kudeatzaileak egin zuten hitzaldia. Mikel Irizar, Goiena Komunikazioak Zerbitzuko zuzendari ohiak, euskal komunikabideei buruz ondoren egin zuten mahai-ingurua zuzendu zuen.

Beste ETB bat izatea ezinezkoa

Koldo Ordozgoitik esan zuen Eusko Jaurlaritzak ezingo lukeela beste telebista publiko bat jasan. Esan zuen tokian tokiko telebistek eta gainontzeko komunikabideek aurrera egin behar dutela beraien bidean.

Euskal komunikabideen foroa

Jose Inazio Basterretxearen iritziz tokiko komunikabideak foro baten bildu beharko lirateke eta ikusi guztien artean helburuak zeintzuk diren eta ea helburu horiek betetzen dituzten. Komunean jarri beharko lituzkete ideia batzuk, baldin eta hala funtzionatzeko gogoa baldin badute. Esan zuen unibertsitateko harrobia erabili daitekeela horretarako.

Anbotoren helburuak

Idurre Garciak Anboto zer den eta orain zertan den azaldu zuen. Horrekin batera, 2005erako dituzten helburuak eta proiektuak azaldu zituen. Orain astekaria, irratia eta www.anboto.org webgunea ditu Anbotok. Durangaldean erreferentzia izan nahi du Anbotok komunikazio esparruan. Anboto eta erakundeen arteko harremanak sendotu eta finkatu nahi dituzte epe laburrera begira (batez ere harreman ekonomikoak). Izan ere, Idurrek azaldu zuenez, orokorrean erakundeak ez dira gehiegi inplikatzen horrelako proiektuetan.

Bukatzeko, mahaingurua

Hiru hitzaldiak eta gero, mahaingurua egin zuten, Mikel Irizar moderatzaile zela. Mahainguruan Irizarrek ere eman zuen bere iritzia: euskal komunikabideek hausnarketa egin behar dutela nondik jo nahi duten zehazteko. Guztien artean komunean jarri behar direla puntu batzuk esan zuen.

Mahainguruan atera zen konklusio garbiena izan zen Euskal Herri mailako foro bat egin behar dutela euskal komunikabideek. Hala, indarrak bateratu eta helburu komun batzuk finkatzeko. Horrekin batera, beharrezkoa ikusi zuten erakundeen inplikazioa, euskal komunikabideek aurrera jarrai dezaten.

Idurre Garciarekin egon gara berri hau lantzerako orduan eta Anboto astekarian ere gai nagusi moduan landuko dute. Anboto.org-en ez dute ezer zintzilikatu.

Erantzunak

trintxero alkatxofez
2004-12-16 : 14:40

Hainbat hedabidetako zuzendaritzen aldetik asmo on horrek izan ditzakeen traba, ezintasun eta zama guztiekin ere... bai, prefosta, aurrera!



Guk ere gogotsu parte hartuko dugu.

Erantzun

Sartu