Irratia.com 2.0
Hasi, 2000. urteko azaroan hasi ginen irratigintza eta Internet uztartzeko saiakeran. Lortu genuen, eta baita bide berri bat abiatu ere. Asko dira garai hartan egindako kontzertu, emankizun, erretransmisio, eztabaida saio eta saiakera antzuak. Asko. Ondo gogoan ditugu.
Gurea ekimen amateur bat izan da beti. Euskal irratigintza urrats berriak ematen hasi zen: elkarlana, proiektu bateratuak, sarea... eta zerbait lortu izanaren sentsazioa geneukan. Gazi gozoa da oraindik zaporea.
Bitartean, gutako bakoitza bere zereginetara murgildu da berriz ere. Biak ala biak, gauza ezberdinetan gabiltza, nahikoa loturik daude komunikazioa, kulturgintza eta Internetekin. Baina leku ezberdinetan beti ere. Sareak batu gaitu, denbora eta urruntasunaren kontra.
I+G (ikasten eta gozatzen) ere aritu gara. Nork berean. Eta Interneteko euskal panoraman bizi izandako aldaketak eta hobekuntzak geure egin ditugu. Orain, 2004 urte hau finitzear den honetan, berriz ere irrati estudioan elkartzeko desiatzen gaude. Argi gorria noiz piztuko. Sintoniaren musika elektronikoa entzun, eta berriz ere teknologia berriak, euskal kulturgintza, musika eta gure burutazioak mahaian nahasteko.
Bilbo Hiria irratikoek abegikor hartu gaituzte. Bilbon eta Bizkaiko zati handi batean euskaraz aritzen den irratia da (FM 96.0) eta Interneten ere aspaldi eskaintzen ditu bere emankizunak.
Beraz lagunok, badakizue, gaurtik aurrera Irratia.com 2.0 bertsioa abian da. Uhinetatik, saretik, bitakora baten.... zuek esango. Guk burutuko.
Erantzunak kargatzen...