Teknologia albisteak

Telebista saioak ia denbora errealean elkartrukatzeko zerbitzu berria urtarrilerako

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2004-12-14 : 09:12

Telecontrol Unterhaltungselektronik enpresa alemana Cybersky izeneko produktua garatzen dabil. Telebista saioak (ia denbora errealean) elkartrukatzeko P2P zerbitzua da Cybersky. Urtarrilean kaleratuko da eta CeBIT ferian egingo da aurkezpen ofiziala martxoan.

Zer egin eta nola

Zer egin eta nola

Mundu guztian zehar elkartrukatu ahal izango dira telebista saioak Internet bidez. Hori ahalbidetuko du Telecontrol Unterhaltungselektronik enpresa alemanak garatzen diharduen softwareak. Cybersky-ren bitartez, ikusten ari garen programa konpartitu nahi izanez gero, egin beharreko gauza bakarra ordenagailua telebistarekin konektatzea izango da. Hori kapturatzeko txartelarekin egingo da. Gero, elkartrukatze programa martxan jarri beharko da (220 KB ditu). Programak telebistako txartelaren seinalea DivX-ean konprimitzen du eta erabilgarri egiten du P2P sare bati esker. Elkartrukatze horretan, ordainpeko kateak eta pay-per-view programak ere barneratu ahal izango dira.

Bost segundoko atzerapena

Bestalde, P2P sare baten bitartez, telebista saio bat ikusi nahi badugu, P2P programa jarri behar dugu martxan. Gero, ikusi nahi dugun saioa bilatu eta ia denbora errealean ikusi ahal izango dugu; zehazki emisioarekiko 5 segundoko atzerapena izango du. Gainera, programa berriak telebistako saioa disko gogorrean gordetzeko aukera emango digu, saioa nahi dugunean ikusteko.

Internauten arteko elkartrukea

P2P sarean emisio bat ikusteko beharrezkoa izango da 400-600 KBko banda-zabalera izatea. Internauta edota erabiltzaileen arteko konexio eta elkartrukatzea izango da posible eta oraingoz, ez dago ordenagailu zentral bat ezartzeko asmorik. Telecontrol Unterhaltungselektronik enpresa produktua ustiatzeko inbertitzaileen bila dabil, baita software berria probatuko duten erabiltzaileen bila ere.

Martxoaren 10etik 16ra bitartean egingo da CeBIT azoka Hannover-en. Bertan aurkeztuko da produktu berri hau.

Erantzun

Sartu