Zer litzateke Internet bitakorarik gabe? Euskal Herria pilota barik bezalakoa, beharbada. Ez dakit. Edo bai, badakit, Internet piztu dute bitakorek, blogek. Eta horretan ari gara orain guztiok, sutsuki. Nork zer non argitaratuko.
Nik neuk ere, gaur eman diot hasiera neure blogintza jardunari. gaztelumendi gunea sortu dut WordPress software librea erabiliz. Eta Madrilen Egunkariaren auzipetze autoa hartzen duten tenorean, nik nire letrak bitakora batean izkiriatzen ditut. Euskaren eguna omen.
Durangoko azokan sortu zen duela 14 urte Egunkaria. Mundua euskaraz ikusteko modua eskaintzen zigun orduan, 13 urtez begiratu diogu horrela inguruari.
Orain, nork bere begitik, bere ezpainetatik ikusi eta esandakoa blogetan idazten dugu.
Etxepare berriak gara, inprentarik gabeko komunikazioa lantzen, XXI. mende honetan, Informazioaren aroan.
Ateak zabalik dituzue zuek ere, gomitatua zaudete. Egunero idatziko baitut, orain arte bezala. Kezka bat gehiago.
Euskara nazioartekotzeko eguna, esan dizuet.
Erantzun
Sartu