Hiztegiak eskuko ordenagailuan kontsultatzeko sistema berria
Dagoeneko, badaude Internet bidez kontsulta daitezkeen euskarazko hiztegiak. Orain, berriz, HIZTEK "Hizkuntza Teknologiak" masterrean eskuko ordenagailu txiki batetik (PDA) hiztegiak kontsultatzeko sistema garatu dute.
Paperezko hiztegiak on-line jartzeko pausua emana zegoen. Beraz, beste pausu bat eman da: PDA batetik hiztegiak kontsultatzeko modu bat landu du Urtza Iturraspe Barturenek.
Hiztegiak
Eskuko Hiztegiaren egitasmo honen hasierako prototipoan hiztegi hauek sartu dituzte:
- Euskal Hiztegia
- Sinonimo Hiztegia
- Hiztegi Batua
- Hiztegi Modernoa
Funtzionamendua
- Eskuzko ordenagailuaren pantailan web orrialdea sartu ahal izateko irudiak, taulak, testuak txikitu egin behar izan dira. Horregatik, erabiltzaileari web orrialde berezi baten bitartez aurkezten zaio hiztegiko edukia. Erabilera erraza da: erabiltzaileak hitza sartu eta hiztegia aukeratzen du.
- PDA batean jarri ahal izateko web orrialde bat egin da. Orrialde hori web zerbitzari batean dago eta EHUko zerbitzariarekin harremanetan jartzen da.
Berehalakoa eta dinamikoa
Proiektu honetan garatutako sistemari esker, edozein tokitan eta edozein momentutan kontsultatu daiteke hitz baten esanahia edo beste hizkuntza batera itzulpena egin.
Bestalde, aipatu dinamikoa dela web orrialdea: JSP (Java Server Pages), HTML eta Java kodearekin egin dute.
HIZTEK
Hizkuntza-teknologietan sortzen ari den formazio beharrei aurre egiteko UEUk 2001-2002 ikasturtean "HIZTEK" graduondokoa martxan jarri zuen.
Eskuko Hiztegiaren egitasmoa HIZTEK masterraren barruan Urtza Iturraspe Barturen ikasleak, Robotiker-eko kideak, garatu du. Proiektu hau Kepa Sarasola eta Arantza Diaz de Illarraza Ixa taldeko irakasleen zuzendaritzapean egin da.
Erantzunak kargatzen...