Benidormen jazoa
2004-11-29 11:11
Karlos Linazasororen "Itoko dira berriak" B.n dago kokatua. Linazasorok argitu behar izan gabe ere ohartu naiz B. hori Benidorm dela.
Bestalde (onar iezadazue aitorpen intimoa), Linazasororen pertsonaien berritsukeria ezgai hori zartatu nahi nuke, oroz lehen nire baitan; aldiz, narratzaileak Benidormez dioena bozkarioz mukuru egin dut neure:
"B., hiri irekia, kultura eta arte eta pentsamolde desberdinen elkargune eta arragoa... pertsonen berdintasunaren eta aitatasunaren paradigma da, podium hauxe meritu ez eskasen ondorio dena... Egin dezagun, bada, topa hiri zoragarri honen ohoretan!"
Javier Rojok Espainiako Senatua "Itoko dira berriak"-eko Sortaldeko hondartza antzeko bat bilakarazi nahi luke: pertsonaia bat Valladolidekoa, beste bat siguenzarra, Astorgakoa hirugarren bat, Ayamontekoa bestea, Linazasoro bera euskalduna... Haatik, Rojok Senatuan Espainiako lauzpabost hizkuntzak erabil daitezen gura du; Sortaldeko hondartzan, berriz, ez dute euskaraz baizik egiten. Alegia, "Itoko dira berriak" hasi eta buka dator euskaraz, baita pertsonaien jatorriak ezin direla euskaldunak izan susmarazten duenean ere. Horrelako eragina baitu Benidormeko euskal giroak.
Halako batean, urruneko puntutxo laranjak ostertzarekin bat egiten duen bitartean eztabaidan dabiltzanei zein hiru gauza eramango lituzketen uharte galdu batera galdetu eta "txakurra" da erantzunetan gailen. Hortaz, balirudike baiezta litekeela Linazasoro bat datorrela Deleuze eta Guattarirekin, filosofo frantses garrantzitsu horien ontologiaren oinarrietako bat hauxe baita: "etxean txakurra edo katua dutenak ergel hutsak dira". Baina agian Linazasorok emendatuko luke: "eta ez dutenak ere bai."
Erantzunak kargatzen...