Sustatu logoa Teknologia albisteak

Faroa: Joxe Aranzabalen blog-a

sustatu - sustatu
2004-11-25 11:11

Gure lagun Joxe Aranzabal farozain da orain. Aspalditik zebilen blog bat egin guran eta azkenetan ikusi du argia bere nahiak. Burutazioak eta iritziak idatziko ditu Joxek, egunero weblogean. Sustatutik elkarrizketatxoa ere egin diogu. Zorterik onena, Joxe.

Horrelaxe azaltzen du faroaren sorrera weblogeko idatzian

Horrelaxe azaltzen du faroaren sorrera weblogeko idatzian

Orain bi aste pasatxo sortu nuen Faroa, nire urtebetetze egunean. Artean nola probatan nenbilen, behin behineko izen bat eman nion, Faroa, eta izen horrekin bat zetorren ezizen batekin, Argi, sinatu dut harrezkero. Bitarte horretan ikasten joan naiz nola erabili blog hau, gaur arte.

Oraindik badut zer ikasirik franko, baina erabaki dut gaurtik aurrera nire benetako izen-deiturekin sinatuko dudala, alegia, agerian uztea farozaina.

Artikulu horretan arrazoiak-eta ere aipatzen ditu. Irakurtzeko, sartu faroa.blogspot.com blogera.

  • Zer dela-eta egin duzu zure bloga?

Halako batean etorri beharreko zerbait zen. Sustatun egin ditut lehen urratsak blogintzan eta, hiru urte igarota, berau dugu euskarazko blogen artean ezagunena eta irakurle gehien duena. Beraz, une egokia iruditu zait nire txiringitoa antolatzeko.

  • Sustatun oso gogoko genituen zure artikuluak. Orain Faroan irakurriko ditugu bakarrik, edo segiko duzu Sustatun ere zure ekarpena egiten?

Estimatua dago laudorioa. Eta Sustaturi dagokionez, nahiko nuke aurrerantzean ere hor idatzi, baina denborak aginduko du horretan, berriro lanean hasi nintzenetik, askoz ere asti gutxiago dut-eta gaixorik nengoela baino. Dena dela, Faroak ez dio ezer kenduko Sustaturi. Kontrara, argi piska bat egin nahi dio euskal blogosferari.

  • Zeren gainean idatziko duzu blogean, zerbait konkretua duzu buruan?

Sustatun modu batean idatzi izan dut, iritzi artikuluak eta albisteak. Faroan, berriz, oharrak izango dira, pentsakizunak, iritziak noiz edo behin, gauza laburrak.

  • Faroarentzako, Argi ezizen polita zen. Zer dela-eta aldaketa?

Orain pare bat aste sortu nuen Faroa, behin behinekoa izango zelakoan. Horretarako, asmatu nuen izen bat, Faroa, eta baita ezizen bat, Argi, biak lotuta nolabait. Faroa sortu nuen aprobak egiteko, eta ikasteko nola egin blog bat, zeren gauza bat da idaztea kolaboratzaile gisa, nik Sustatun idatzi dudan moduan, eta beste bat norberak sortzea bere bloga goitik behera. Behin ikasita, erabaki dut Faroa bera izatea nire blogaren izena eta izen horrekin plazaratzea. Eta ezizenaren gainean, behin frogaldia amaituta, nahiago dut neure izen-deiturekin sinatu.

  • Alde teknikoari dagokionez, erraza egin zaizu bloga sortzea? Zergatik aukeratu duzu Blogger?

Jardunaldi batzuetan ikusi nuen zein erraza zen blog bat sortzea Bloggerrekin, eta animatu egin nintzen berori erabiltzera. Gero ere, nik egiteko orduan, erraz egin ditut gauzak. Blogger, gainera, doakoa da. http://www.blogger.com/start

  • Bestalde, badakigu liburu bat prestatzen ari zarela. Faroan ere izango du lekurik?

Liburua Medikuak Esan Dit Minbizia Dudala, erabat lotuta dago Sustaturekin, hementxe argitaratu nituen-eta liburuan joango diren artikuluak, nire gaixotasunaren gainean. Dagoeneko eginda dago eta kaleratuko da datorren urtean, martxo inguruan.

Beste Webgune Euskaldun Bat: http://faroa.blogspot.com

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu