Sustatu logoa Teknologia albisteak

Haur-pornografiaren aurka egin den operazioan 90 pertsona atxilotu dituzte

Sustatu
2004-11-24 17:11

Atxilotutakoen artean irakasleak, ikasleak, informatika ingeniariak, garbitzaileak, funtzionarioak eta militarrak daude. Gainera, horietatik 21 adin txikikoak dira. Operazio honen barne, bederatzi pertsona atxilotu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan. Espainiako Poliziaren Zuzendaritza nagusiak jakinarazi duenez, atxiloketok 26 probintziatan egin dira eta inoizko operaziorik handiena izan da.

Internet trukaketa tresna bezala

Internet trukaketa tresna bezala

Internet bidez trukatzen zituzten argazki eta bideoak. Horietan, adin txikikoak era guztietako sexu-ekintzak egiten agertzen ziren. Guztira, 83 etxebizitza miatu dituzte Estatu osoan. Eskuko ordenagailuak, 100 disko gogor baino gehiago eta milaka CD eta DVD atzeman ditu Poliziak. Aurkitu dituzten disko gogorretan, kalitate handiko milaka argazki pornografiko zeuden gordeta.

Atzemandako material guztiak eduki pornografikoa du eta haurrak ageri dira sexu-ekintzak egiten. Poliziaren arabera, Estatu espainiarrean haur-pornografiaren aurka inoiz egin den operaziorik handiena da.

Atxiloketak gaur egin badira ere, operazioa ekainean hasi zen. Iaz egin zuten beste operazio bat haur-pornografiaren kontra (abenduaren 16an). Orduan, guztira 27 pertsona atxilotu zituzten 12 probintziatan, haur-pornografia Internet bidez zabaltzea leporatuta.

EAEn eta Nafarroan

Hiru pertsona atxilotu dituzte Bizkaian, lau Gipuzkoan eta bana Araban eta Nafarroan. Bizkaian atxilotutako bi adin txikikoak dira.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu