Teknologia albisteak

XVIII. Jokin Zaitegi Sariketa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2004-11-26 : 09:11

Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Kutxa gizarte ekintzaren laguntzarekin, XVIII. Jokin Zaitegi Sariketa antolatu dute. Jokin Zaitegi arrasatear idazlea gogoratzeko eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko helburua dauka sariketak. Edizio honetan, Elfriede Jelinek idatzitako Die Liebhaberinnen eleberria itzuliko da. Sariketara aurkezteko epea abenduaren 15ean amaituko da.

Sariketako oinarriak

Sariketako oinarriak

  1. 2004an Suediako Akademiak Elfriede Jelinek idazle austriarrari eman dio Literaturako Nobel Saria, eta Jokin Zaitegi Sariketa honen helburua Jelinekek idatzitako Die Liebhaberinnen eleberria itzularaztea da.
  1. Liburu hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketa honetan. Horretarako, obraren lehenengo lau orrialdeak euskaratu beharko ditu, eta egindako lan horrexen hiru kopia bidali AED elkartearen egoitzara (Pablo Uranga 4 behea, 20500 Arrasate), 2004ko abenduaren 15a baino lehen; ez da itzultzailearen izenik agerian jarriko, baina bai goiburu bat; itzultzailearen datuak eta telefonoa gutunazal itxi baten barruan adieraziko dira, eta kartazal horren azalean goiburu bera errepikatu.
  2. Lehen lau orrialde horiei dagokien jatorrizko testua antolatzaileek jarriko dute partehartzaileen esku hauek eskatu ahala -telefonoz, idatziz nahiz e-postaz-. Internet bidez ere lortu ahal izango da testua.
  3. Urtzi Urrutikoetxeak, Edorta Mataukok eta Maria Colerak osatutako epaimahaiak, jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2005eko urtarrilaren amaiera baino lehen. Aurkeztutako lanek aski kalitaterik ez balute, saria hutsik utzi ahalko dute.
  4. Irabazleak 3.200 euroko saria irabaziko du Die Liebhaberinnen eleberria osorik itzultzeko: diru erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan amaitua 2005eko irailaren 1ean entregatu beharko du Elkar argitaletxean. Epeak beteko ez balira, edo itzulpenaren kalitatea nabarmen txarra balitz (epaimahaiaren iritziz betiere), sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehena itzuli egin beharko luke irabazleak.
  5. Elkar etxeak -eskubideak aurrez eskuratuta- argitaratuko du Elfriede Jelinek-en Die Liebhaberinnen eleberria euskaraz, eta 2005eko Durangoko Azoka izango da hori egiteko epemuga. Ale guztietan nabarmen aipatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena ere, zeinak ez baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza. Antolatzaile, laguntzaile eta babesleek ere dagokien tokia izango dute edizioan.
  6. Sariketa honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ekartzea dakar. Berauen ulermenean zalantzarik sortuko balitz, antolatzaileei dagokie erabakitzea.

Informazio gehiago

  • AED: 943 77 12 28 eta kulturaABILDUAaedelkartea.com

Erantzun

Sartu