Teknologia albisteak

Nontzeflash II. Animazio Lehiaketa zabalik da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2004-11-24 : 09:11

Nontzeberri kultura webguneak Nontzeflash II. Animazio Lehiaketa antolatu du Bilboko Zine Fantastikoaren Jaialdiaren (FANT 2005) laguntzarekin. Lehiaketa on-line egingo da webgunean.

Iaz antolatu zuen Nontzeberrik lehen aldiz Nontzeflash lehiaketa, eta arrakasta nabarmena izan zuen, 33 herrialdeko 221 animazio lan jaso baitzituzten.

Zenbait oinarri

  • Nahi duenak parte har dezake lehiaketan, jaioterri eta bizilekua direnak direla, eta nahi adina lan aurkez daitezke. Parte hartzea doakoa da.
  • Lanak SWF formatuan aurkeztuko dira eta artxiboa ezin izango da 2.5 Mb-koa baino handiagoa izan. Artxibo bakarrean bidali behar duzue lan bakoitza eta, musikarik badago, artxiboaren barruan sartu beharko duzue. Lanak 700 x 525 pixeleko neurria duen pantaila batean ikusiko dira. Kontuan hartu bidaltzeko orduan (zure filmak maskara baten beharra izan bailezake). Bestalde, lanaren irudi adierazgarri bat ere igorri behar da (100 x 60 pixelekoa, .jpg formatuan).
  • Gaia librea izango da, baina lan guztiak originalak izan behar dira eta 2004ko urtarrilaren 1etik aurrera egindakoak.
  • Lanak jasotzeko epea 2005eko otsailaren 25ean amaituko da. Dena den, antolatzaileek izugarri eskertuko dute lanak lehenbailehen bidaltzea, jaso orduko nontzeflash.com-en jartzeko internauten gozagarri.
  • Aukeraketa Batzorde batek hainbat film aukeratuko ditu eta FANT 2004 Bilboko Zinema Fantastikoaren jaialdian pantailaratuko dira.
  • Lehiaketak honako sari hauek banatuko ditu:
    • Nontzeflash Saria animazio onenari 2.000 euro
    • Bigarren Saria 1.500 euro
    • Ikusleen Saria 900 euro
    • Euskal Herriko animaziorik onena 900 euro
  • Epaimahaiak saritutako lanei sari bakarra emango zaie. Ikusleen Sariari dagokionez, epaimahaikideek hainbat lan hautatuko dituzte internautek bozka dezaten. (Lanak bozkatzeko epea otsailaren 28tik martxoaren 4ra) Botazioan iruzurrik izango balitz, hura bertan behera utzi eta saria epaimahaikideek erabakiko lukete. Internautek eta epaimahaiak emandakoak lan berari badagozkio, berriz, lan horri sari bi emango zaizkio.
  • Izen-ematea on-line egingo da, beren-beregi sortutako izen-emate orriaren bitartez. Izena emateko derrigorrezkoa da helbide elektroniko bat izatea, Nontzeberri.com-ekin harremanetan egon ahal izateko. Izen-emate orrian egilearen izen-abizenak, hiria, herria, helbide elektronikoa, webgunearen helbidea (webgune propioa izanez gero), telefono-zenbakia, animazioaren titulua, iraupena, lanaren irudi adierazgarri bat jpg artxibo batean (100 x 60 pixelekoa) eta haren laburpen txiki bat (50 hitz gehienez ere, euskaraz, gazteleraz edo ingelesez) sartuko dira. Bidaltzeko arazorik izanez gero edo, besterik gabe, zure lana sarean ikusten ez baduzu, jarri harremanetan nontzeflashABILDUAnontzeflash.com helbidean.

Arau eta oinarri guztiak webgunean eskuratu daitezke.

Nontzefilm lehiaketa

Nontzefilm lehiaketa, aldiz, azaroaren amaieran jarriko da abian. Hainbat formatutan aurkeztu ahal izango dira lanak, eta gehienez ere 3.5 Mb eta 3 minutuko luzera izan beharko dute. Lanak jasotzeko epea 2005eko martxoaren 11n amaituko da. Lehiaketa honetara aurkeztutako lan onenak ere datorren urteko FANT jaialdian pantailaratuko dituzte. On line izango da hau ere www.nontzefilm.com webgunean.

Erantzun

Sartu