Teknologia albisteak

"Nairobitarra: Mundua ezagutzeko jolasa" eta "Munduko ipuinak" merkaturatu ditu Argiak

Erabiltzailearen aurpegia
Esti Parada - ARGIA
2004-11-22 : 09:11

Azken 25 urteotan milio bat kilometro inguru eginda, munduan barrena ibilitako Nairobitarra autobusa txatarretarako eraman dute. Autobusa bera, eta maleta-lekuan gordetzen dituen esperientzia eta jakintza, bi modutara aurkeztu ditu Argiak: jolas ludiko gisa eta ipuinen bidez.

Josu Iztueta bidaiaria dugu jolasaren sortzailea. Mahai-jolaseko galderak Ander Izagirrek egin ditu eta Garbiñe Ubedak diseinua. Bidaiaren filosofia jokora ekarri nahi izan dute guztiek eta benetako bidaia izan litekeena jokoan berregiten saiatu dira.

Bideari erreparatzen eta joanean gozatzen ikasteko, bidaiariek ezusteko onak eta txarrak jasoko dituzte, zoriaren arabera. Izan ere, bidaietan, sarri zorteak erabakitzen du hainbat gauza.

Kontinente bakoitzeko mapa bat eta 200 galdera aurkituko ditu bidaiariak. Bertan fitxak aurrera eta atzera ibilita nahi duen ibilbidea aukeratuko du eta galdera bidez, leku bakoitzaren berri jasoko du. Gainera, Nairo txartelak izango ditu bidelagun.

Autobusetik aterarako ipuinak

Josu Iztuetak kontatutako eta Amaia Etxeberriak marraztutako "Munduko ipuinak" hartuta, haurrek, bere adineko umeak beste lurraldeetan nola bizi diren ezagutu ahal izango dute.

Nairobitarra autobusaren barruan zortzi lekutako kontakizun bana aurkituko du haurrak: Sahara, Laponia, Patagonia, Andeak, Himalaia, Alaska, Australia eta Euskal Herria.

Etxeko txikienek 8 lurraldetako umeen ahotik ezagutu ahal izango dute mundua. 8 urtetik gorakoek., berriz, mahai-jolasarekin ekingo diote bidaiatzeari.

Erantzun

Sartu